GARA > Idatzia > Jo puntua

Xabier Silveira Bertsolaria

Españan bizi naiz ni

Erresuma Batuko polizia baino askoz hobea babesgabeak egurtzen, bai jauna. Italiako «capo» Berlusconiren alderdi ultra baino eskuindarragoa den alderdi bat agintean, to eusko labela!

Bihotz gorri handi batek apaindua, «I love Irun» zioen afitxa erraldoiak; baina kendu egin dute topo geltokitik. Agian, hizkien azpian azaltzen zen mutil beltza Europatik bota dutelako-edo kenduko zuten, nork daki. Orain, beltx hari inbidia eragin nahian edo, «Euskadin bizi naiz ni» jartzen du leku berberean. Hori, eta hau: «Eskola porrota: Estatua %23,3. Euskadi % 12,0». Eskola porro-ta porro artean eman genuenok bagenekien hori, hau da, Estatuan Euskadin baino askoz porro gehiago erretzen dela eskolan. Hori bai, Estatuaren portzentajeetan Nafarroa ere sartzen da; beraz, lasai, ez da dena españolen meritua. Gero, egia da, Estatuko ikasleei ez zaie hainbeste nabari eskolan egon ordez porroak erretzen aritu izana kalean; eskolatuena baino babuagoak ateratzen dira gizarajoak. Ez denak, noski, Rajoi-Zapatero zirkoa ikusi zuen ehuneko hirurogeia bakarrik. Beste ehuneko berrogeia... Beste ehuneko berrogeiak PNV-EAJren kanpainan egiten du lan, dirudienez, Euskadiren estatistika gaindiezinak arrazoi potoloz janzten. Begira bestela.

Bihotz formako paper batzuk aurkitu ditut postaren kutxan, osea, buzoyian. I love Irun!, pentsatu dut, baina ez, «Euskadin bizi naiz ni, yo vivo en Euskadi. Langabezia tasa: Estatua %8,5. Euskadi %4,1». Ezta posible, honetan ere españolak gailentzen zaizkigu! Krimen kopurua 1.000 biztanleko: Estatua 50,7. Euskadi 38,1. Honetan ere... Ez gara ezer! Denean azpitik gabiltza! Eta eskerrak ez gaituzten Portugalekin alderatzen, bestela, a ze paliza emango zigutena! Euskaldunak onenak ginela pentsatzen nuen, baina keba, edozein gailentzen zaigu.

Edo ez? Ba ez. Adibidez, berdegune babestuen batez bestekoa Estatuan ehuneko 10,2koa da, eta Euskadin ehuneko 25ekoa. Badakizue errotondak ere berdegune babestutzat hartzen direla? Nik ere ez nekien, baina hala da. Ulertzen duzue hainbeste errotonda... Bai, ezta? Per capita errentan ere goitik Euskadi, Europako laugarren herrialde aberatsenetako bat da, Nafarroako Foru Erkidegoarekin batera. Zertarako balio digu, ordea? Hori beste kontu bat da. Hemen benetako kontua, asuntua, Euskadi gainetik egotea da; azpian, zapaldua, baina besteen gainetik. Ikertzaileak, esate baterako, miloi bat biztanleko 2.550 ditu Estatuak eta 3.665 Euskadik. Hori bai marka, harrapazak! Mike Hammer, Sherlok Holmes, Remington Steele, Fletcher andereñoa... Holako 3.665? Zer pasada! Bider hiru miloi pertsona, tripasada! Hau kalitatea gurea! Kalitatea, bai, kalitate handia du Euskadik. Munduan gehien. Kalitate ziurtagirien rankinean, txan-ta-ta-txan: laugarren postuan Erresuma Batua, hirugarren Italia, bigarren Suitza eta... gaur eta hemen, txapeldun, Euskadi. Erresuma Batuko polizia baino askoz hobea babesgabeak egurtzen, bai jauna. Italiako capo Berlusconiren alderdi ultra baino eskuindarragoa den alderdi bat agintean, to eusko labela! Eta agintari horiek poltsikoak ongi bete ditzaten Suitzan baino erraztasun kalitatezkoagoak. Euskadin bizi naiz ni? Ez, Españan, hauei Euskadiren txolloa bukatzen zaien arte, Españan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo