GARA > Idatzia > Euskal Herria

Topagunean herrialde askotako gazte eragileak bilduko dira

Kamaradak Gazte Internazionalista Sareak datorren martxoaren 21, 22 eta 23an Lezon izango den Gazte Topagunerako munduko herrialde anitzetako gazte mugimenduek parte hartuko duten topaketa internazionalistak antolatu ditu. Ekimenaren helburua euskal gazteriak beste herrialdeetako errealitatea ere ezagutzea izango da, eta horretarako hitzaldiak, bideo emanaldiak eta erakusketak izango dira.

p024_f01_100x110.jpg

Asier VELEZ DE MENDIZABAL |

«Autengoa historiako Gazte Topagune internazionalistena izango da, munduko herrialde askotako gazte mugimenduetako ordezkariak eta adituak izango baitira bertan», ziurtatu zuen Uberka Bravo Kamarada Gazte Internazionalisten Sareko bozeramaileak atzo Iruñean eskainitako prentsaurrekoan. Topaketa horiek bi helburu nagusirekin antolatu dira: alde batetik, «Euskal Herriko gazteek nazioartean ezagutaraztea gazte mugimendu eta eragileek bizi duten egoera», eta era berean, «eragile horiek ere, egun hemengo gazteriak pairatzen duena hobeto ezagutu ahal izatea».

Hala, ekimen guztiak Kamaradak Txokoan eramango dira aurrera. Bertan, erakundeetako ordezkariek eta adituek hitzaldiak eskainiko dituzte, eta gainera, bideo emanaldiak eta erakusketak izango dira. Topaketa horietan Palestinatik, Venezuelatik, Kurdistanetik, Irlandatik eta Hegoafrikatik etorritako delegazioak egongo dira, besteak beste. «Palestina egun zapalketa bortitzena jasaten duen herrialdea da, Kurdistan, berriz herrialde zapalduen artean biztanle gehien duena da, 40 milloi, hain zuzen ere. Gainera, iraultzan erreferente bilakatu den Venezuelako ordezkaritza izanen dugu ere bai, eta horiekin batera gatazka nazionalak gainditzerako orduan erreferente izan direnak, Irlanda eta Hegoafrika» azaldu zuen Bravok.

Ildo horretatik, nazioarteko gazte mugimenduen arteko topaketa horretako egitaraua egun Euskal Herrian indarrean dauden gatazka nagusiei begira osatuko da, bost bloketan banatuta: «Europar eraikuntza eta herriak: autodeterminazio eskubidea aztergai», «Antiglobalizazio mugimendua», «Terrorismoaren aurkako legeak eta gizarte mugimenduak: mundua irailaren 11 eta gero», «Herri proiektuak VS makro proiektuak: AHT proiektu txikitzailea, Bolognako prozesua eta etxebizitza eskubidea aztergai» eta «Internazionalismoa: beste mundu bat eraikitzeko tresna».

Horren harira, Kamaradak Gazte Internazionalisten Sareko bozeramaileak goraipatu zuen hitzaldi horietan «hainbat nazioarteko adituk» parte hartuko dutela; Michell Collon eta Jean Claude Paye idazle eta pentsalari belgikarra, eta Julen Arzuaga EH Watch-eko kidea, «terrorismoaren aurkako legeen babesaren pean gertatzen ari den etengabeko eskubide urraketaren inguruan» arituko dira. Bestalde, Eoin O´Brien Sinn Fein-eko arduraduna, eta Walter Wendellin Askapena-ko kideak Europaren eraikuntza prozesuaren inguruan mintzatuko dira.

Era berean, Europako beste hogeitabi herrialdetako gazte erakundeetako ordezkariak izango dira; Greziakoak, Korsikakoak, Sardiniakoak, Danimarkakoak edo Alemaniakoak, besteak beste. Iberiar penintsulatik, Gaztelako, Galiziako, Cantabriako, Kataluniako eta Andaluziako gazte mugimenduetako ordezkariak egongo dira.

Jauzi kualitatiboa

Uberka Bravo eledunak nabarmendu nahi izan zuen 2008ko Topagunean aurrera eramango diren ekimenekin Kamaradak Gazte Internazionalisten Sarearearen helburua Euskal Herriko gazteriaren artean internazionalismoa sustatzeko «jauzi kualitatiboa» ematea dela. Zentzu horretan, gonbidatutako erakundeak arlo edo gatazka ezberdinetan «erreferenteak» izan direla nabarmendu zuen Bravok. «Bologna prozesua geldiarazi zuten grekoak, Val Di Sussako abiadura trenaren proiektua geldiarazi zuten gazteak, edo Alemaniako G8aren bileren aurka mundu mailako topaketen antolatzaileak izango dira».

Topaketa hauek «herrien arteko komunikazioa hobetzeko» balio izatea espero duela adierazi zuen Bravok.

EUROPAKO TALDEAK

Nazioarteko topaketa hauetan Europako talde anitzetako gazte mugimenduetako ordezkariak izango dira; Bretaniakoak, Alemaniakoak, Txekiakoak, Irlandakoak, Andaluziakoak, Kataluniakoak eta Gaztelakoak, besteak beste.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo