GARA > Idatzia > Euskal Herria

Hernaniko hirigintza aztertzen ari dira emakumeen ikuspegitik

«Hiri Debekatuaren Mapa-Jendetze lanak» izena du egitasmoak. Hernaniko Udaleko Berdintasun Sailak eta Berdintasun Kontseiluak sortu dute eta 300 herritar inguru aritu dira tailerretan eskuz esku lanean. Aurkezpenean azaldu dutenez, prozesu baten parte da ekimena eta, aurrerantzean ere, herriko errealitatea eta espazio publikoa aztertzen jarraituko dute.

Maider IANTZI |

Hirigintzari begiratu diote, baina beste betaurreko batzuekin. Hernaniko alkate Marian Beitialarrangoitiak atzoko agerraldian nabarmendu zuenez, bestela ikusten ez dena ikusi dute eta hori garrantzitsua da. Bereziki emakumeen begietatik egin diote so herriko kale, plaza eta parkeen erabilerari, eta toki horietako bizipenak ere jaso dituzte. Beste herritar talde batzuen antiojoak ere jantzi dituzte: edadetuak, haurrak, mendekotasuna duten pertsonak, zaintzaileak, gazteak eta mugikortasun edo zailtasun sentsorialak dituztenak izan dituzte kontuan.

«Hiri Debekatuaren Mapa-Jendetze lanak» hainbat lagunen elkarlanaren emaitza da. Berdintasun Saila, Hirigintza eta Ingurumena aritu dira eskuz esku herriko txokoak nola erabiltzen diren aztertzen. Jende anitzekin egin dute lan, batez ere bi kolektiborekin: auzo eta emakume elkarteetako andreekin iriste erraztasunaren inguruan aritu dira, eta ikastetxeetako 14-16 urte bitarteko neska-mutilekin indarkeria sexistaren inguruko lantegiak egin dituzte. Herriko «gune beltzak» aurkitu dituzte eta argazkiak egin dizkiete. Irudi horiekin collage bat osatu, eta Biteri Kultur Etxean jarri dute ikusgai. Politika Sozialeko zinegotzi Usoa Barrutiabengoak adierazi zuen arazoak zein diren adierazteaz gain, erantzuna eman dietela. Hala, neskekin autodefentsa ikastaroa egin dute eta mutilekin etxeko lanei eta zaintzari buruzkoa, beste zenbait ekintzaren artean.

Barrutiabengoak oroitarazi zuen ideia emakumeen jabetze prozesuan aurrerapausoak emateko helburuarekin sortu zela. Informazioa biltzea izan zen lehenbiziko urratsa, beste leku batzuetan nola lan egin den ikertzea, gero egitasmoa osatzeko. Prozesuaren garrantzia nabarmendu zuen zinegotzi gazteak, sentsibilizatzeko balio izan duelako. Jendaurrean aurkeztutako lanarekin ez dela egitasmoa bukatzen ere ohartarazi zuen. Herritarrei mapak banatuko dizkietela eta blog ikastaro batzuk ere ematen ari direla jakinarazi zuen.

Generoari dagokionez, bi lan ardatz izan dituzte. Hornitze eta mugikortasunaren azterketa, zaintzaren banaketa egokiagoak ekartzen dituen onurak nabarmentzeko eta pertsona orok espazio publikoa erabiltzeko aukera guztiak izateko; eta segurtasuna, leku irekiak eta dinamikoak lortzeko, ikusgarritasun eta argitasun handiagokoak, erakargarriak.

«Jendetze lanak»

Espazio publikoa erabilgarria, erosoa eta elkarbizitzarako gune bizia izan dadin «jendetze lanak» egiten ari dira «leku diskriminatzaileetan».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo