Getariako Balentziaga Museoan lapurreta egin dute, maiordomoa izan ote da?
Badirudi Balentziaga Museoko irregulartasunak ez direla sekula bukatuko. hori ondoriozta daiteke behintzat alderdi politiko batzuek besteei egiten dizkieten salaketak ikusita. Azkenak lapurreta baten berri ematen du, hain zuzen, Balentziaga Fundazioarenak diren diseinatzailearen hainbat lan Getaria eta Zarauzko EAJko zinegotzien emazteen esku daudela dio.
Rebeka CALVO
Behar bada, EAJko Zarauzko eta Getariako hainbat zinegotziren emazteak ez dira `lapurreta' hitzarekin ados egongo, baina kontua da, Balentziaga Fundazioko hainbat galtzerdi, eskularru, marrazki eta zapi desagertu egin direla Miren Arzallusek, Xabier Arzallusen alabak, Balentziaga Fundazioko zaintzaileak egindako txostenaren arabera. PPek egin du salaketa Borja Semper parlamentariaren ahotik, eta ez Lakuak, ezta aipatutako emazteek ere ez dute oraindik albistea ukatu. Horren haritik, Kultura Sailak PPk «egiak erdizka» esaten dituela eta «datuak faltsutu» dituela esan du. Eta horrelakoetan egin ohi duten moduan, are gehiago hauteskundeen gertutasuna ikusita, Lakuak Balentziaga Fundazioko Patronatuan ez duela zerikusirik esan du, hau da, bertan Gobernu espainiarrak eta hainbat patronato pribatuk hartzen dutela parte. Erantzukizuna hortaz, azken hauena al da? Semperren ustez Lakuak «beste alde batera» begiratzen du, eta parlamentariaren ustez, hau «errua beti maiordomoarena dela esatea bezalakoa da». Maiordomoarena ote da errua?
Desagertutako nylonezko galtzerdiak, larruzko eskularruak, setazko zapiak, diseinatzeko 35 laminak eta 139 marrazki originalen afera, dena den, izozmendiaren tontorra besterik ez dira. Balentziaga Museoaren atzean dagoena askoz ere larriagoa da. Kontuak ez dira ateratzen eta hasiera bateko aurrekontua oso txiki geratu da. Inaugurazioa 2009ko udan egin nahi badute ere, lanek ez dute aurrera egiten, museoaren edukiak zehaztea ezinezkoa da langileei ezarritako enplegu-erregulazio txostena dela-eta, Berroeta Aldamar sozietate publikoak oraindik museoaren barrualdea diseinatuko duen arkitektoa aukeratu behar du... eta bien bitartean, inork ez du bere gain hartzen Getariako alkate ohi, Balentziaga Fundazioko lehendakariorde ohi eta Berroeta Aldamar elkarteko gerente ohi Mario Camiok utzitako zuloaren erantzukizuna.
Balentziaga Museoaren lanek hiru hilabete daramate geldirik, izozturik dago Estatu espainiarrak aurreikusitako 1,4 milioi euroko diru laguntza ere, eta diotenez, oraintxe duen zorra 1,5 milioi eurokoa da. Kopuru hori handiagoa ere izan daiteken beldur dira, baina, oraingoz, euskal instituzioek ez dute argitu zenbateko zehatza. Hori bai, egitasmoak aurrera jarraituko badu, ezinbestekoa dirudi Lakua eta Gipuzkoako Foru Aldundia Balentziaga Fundazioan sartzeak eta beren kontrolpean hartzeak. Horregatik aldatu dituzte estatutuak, eta horregatik ari da Miren Azkarate Kultura saileko arduraduna Madrilera joaten, han ari baitira euskal instituzioak eta Estatu espainiarreko arduradunak negoziatzen.
Argitasunik ez
Hau guztia ikusita, ondoriozta daiteke Camiok egindako kudeaketan kontuak ez daudela batere argi. Ez kontuak bakarrik, afera honetan inor gutxik hitz egiten baitu garbi. «Lapurreten» inguruan Azkaratek ez du txintik argitu; hasieran ez zekien ezer gaiari buruz; orain badirudi baietz, baina ez zaiola egokia iruditzen Fiskalak lana bukatu baino lehen ezer esatea. Azkenean, hainbat pieza ez daudela frogatzen bada ere, erantzukizuna pieza horien ardura duen instituzioarena izango litzateke Azkarateren hitzetan, hau da, fundazioarena.
Aralarrek ere kontuak argitu nahi ditu, eta Azkarateri, Berroeta Aldamarren 2006ko kontuak eskatu dizkio. Ezinbestekotzat jo du arazoa argitzea. Orain hilabete batzuk ere eskaera egin zuten, baina ez zieten informaziorik helarazi. Ea oraingoan jasotzen duten, kontua argitzeko beharrezkoa baita elementu guztiak mahai gainean jartzea.