GARA > Idatzia > Ikusmira

Martxoaren 3ko biktimak, 32 urteko etsipena

Atzo, 1976ko martxoaren 3ko gertakarien urteurrena iristear dela, Martxoaren 3ko Biktimen Elkarteak etsipena agertu zuen jendaurrean. Etsipena, mota guztietako instituzioetan ekimen ugari aurkeztu ondoren, haietan hitz eder asko entzun ondoren, segitzen dutelako egia, justizia eta aitorpenaren zain. Gasteizko Legebiltzarreko Batzorde Bereziaren eztabaidan jarria dute orain esperantza, gertakari haiek argitu eta erantzukizun politikoak seinalatu beharko lituzke-eta. Baina atzo aurkeztu zuten balantzea etsigarria da: Memoria Historikoaren Legeak, Gasteizko Legebiltzarreko Biktimen Batzordeak, eta Arabako Biltzar Nagusiek bizkarra eman diete urte askoan. Eta bizkar emate hori guztiz kontraesanean dago gizarteak dien aintzatespenarekin. Aintzat hartze hori, eta jasotako elkartasuna dira, hain zuzen, balantze triste baten ifrentzua. 32 urte dira bidegabekeria ikaragarri bat jasan zutenetik, baina urte horietan guztietan iraun du injustizia hark. Eta 30. urteurrenean Lakuako Barne Sailak berritu egin zuen. Izan ere, Ertzaintzaren jardunak biktimei eta herritar askori duela 32 urte bizi izandakoak gogorarazi zizkien. Gutxi balitz bezala, jokaera haren ondorioak ere gaur arte iritsi dira, zigor mehatxuarekin. Ibilbide luze eta neketsu horretan elkartasuna behar dute, eta gizartearena badute. Instituzioena ez. Ez elkartasunik, ez errespeturik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo