Kepa Ezeolaza eta Mikel Epalza (*) Euskal Herriko Apaizen Koordinakundea
Justizia, askatasuna, elkarrizketa aukeratu
Espainiako Apezpiku Konferentziaren jarrera politiko kontserbadore jakin baten aldekoa da eta elkarbizitza demokratikoaren eta etikaren kontrakoak diren beste zenbait arazo ezkutatu egiten ditu
Euskal Herriak bizi duen gatazka luze eta mingarria areagotu baino egiten ez duen tirabira eta konfrontazio giroaren erdian hauteskunde orokorretarako deialdia egin zaie, martxoaren 9rako, Estatuko herritarrei. Euskal Herriko Apaizen Koordinakundeko kideok ditugun aukera eta jarreretatik, bere nortasunaren eta bere eskubide indibidual eta kolektiboen kontrako erasoa aspaldidanik pairatzen duen herriaren iritzia partekatzen ahalegintzen gara. Zerbitzatzen ditugun kristau elkarteekin batera egian eta justizian eta giza eskubide guztiekiko begirune osoan oinarritutako bakea irrikatzen dugu. Gure gizarte plural honen zati esanguratsu bat gatazkan inplikatutako alde guztien arteko eta inor baztertu gabeko elkarrizketaren alde gaude. Eta ez edozein motako gatazka gaindituko duen elkarrizketa irekia bakarrik, baizik gaur egun Euskal Herria osotzen dugun gizabanako guztien begirunea eta erabaki eskubidea ezartzeko prozesuak finkatzea bideratuko duen elkarrizketa. Uste dugu horixe dela baketze eta normalkuntza prozesuan aurrera egiteko bidea.
Horrexegatik salatzen ditugu legeez baliatuz lerro politiko jakin baten alde diren amarru elektoralistak, beste aukera eta talde batzuk kanporatuz ETArekiko kolaborazioan aritzea salaketa generikoa bizkarreratuz. Errepresioaz baliatzea, ilegalizazioak, presoak urrutiratzeak, torturak, ideien kriminalizazioa, 18/98 makrosumarioa eta «Egunkaria» auzia bezalako prozedura eta adierazpen askatasunaren kontrako zigorrak oinarrizko giza eskubideen kontrako erasoak baino ez dira.
Testuinguru honetan uste dugu bereziki deitoragarria dela Espainiako Apezpiku Konferentziaren Batzorde Iraunkorraren jarrera. «Ante las elecciones generales 2008» izeneko oharra jarrera politiko kontserbadore jakin baten aldekoa da eta espainiar Estatuan, gaur egun, elkarbizitza demokratikoaren eta etikaren kontrakoak diren beste zenbait arazo politiko, judizial eta legislatibo ezkutatu egiten ditu. Bai alderdikeriazko jarrera honek eta bai orain arteko gure elizbarrutietako gotzainen isiltasunak -adierazpen nahasi bat edo beste gorabehera- ez dute, ez, suspertzen Elizaren bakearen eta justiziaren aldeko egiazko bitartekaritza lana.
Ohartzen gara gure herriak duen konplexutasunaz eta pluraltasunaz. Horrexegatik, hain zuzen, erabakimen libre eta irekien prozesuen bidez eta, bazterketarik gabe, gizabanako, talde, alderdi, ideia eta proposamenen artean demokratikoki bideratutako bakea bilatzen dugu eta horrexelako bakearen alde ari gara.
Espainiar Estatua Batasun Europarraren partaide da. Batasun hau gehiengoa txirotasun egoera injustuetan bizi den, etorkinei giza eskubide humanitarioenak ukatzen, txirotasun gune kezkagarriak ugaltzen eta presoen kopurua -Estatu espainiarrean batez ere- gora doan mundu honetan globalizazio neoliberala indartzen ari da. Hori dela eta, gizarte eta herri solidarioen, bestelako mundu baten, ahulenei begira bideratutako ekonomiaren, enpresa kutsakorren eta azpiegitura-egitasmoen eraso ekologikoetatik babestua behar duen lurraren alde egiten dugu.
Hauteskundeak direla eta, balorazio etiko eta ebangelikozko irizpide hauek jakinarazten ditugu, handituz doazen eta mehatxugarri diren oztopoak gorabehera, esperantzaz, aurrera egiteko. Ziur gaude gizabanakoarenganako, Euskal Herriarenganako, herri guztienganako eta beraien eskubide eta erabakienganako begirunea dela egiazko bakea eraikitzeko bermea, batez ere egoera honen ondorioak gehien sufritu behar dituztenentzat, justiziaren alde lanean ari diren guztientzat eta Jesusen Ebanjelioak hots egin eta gauzatzen duen asakapen ezaugarri dela
(*) Kepa Ezeolaza eta Mikel Epalzaz gain, J. Félix Zamakona, Diego Bande eta Félix Bergarak ere sinatzen dute artikulu hau.