GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

«Ibarretxeren orria ez da baldintza, eskaintza baizik», zehaztu du Erkorekak

p011_f01.jpg

GARA | BILBO

Hauteskunde kanpaina aurrera doan heinean, Juan José Ibarretxeren egitasmoa PSOEri luzatutako eskuaren itxura hartzen. ari da gero eta nabarmenago. José Luis Rodríguez Zapatero agintari nagusiak galdeketa ez dela egingo berretsi izanak ez du jarrera hori aldarazi.

Akordiorako borondate hori berretsi zuen atzo Josu Erkoreka EAJko Bizkaiko hautagai nagusiak. Efe albiste agentziari emandako elkarrizketa batean, «lehendakariaren bide orria ez da baldintza bat, eskaintza bat baizik», zehaztu zuen.

PSOEri eta PPri egiten dioten aldarrikapenaren maila jaisten ari da nabarmen EAJ martxoaren 9ra arteko bide honetan. Erkorekak atzo esan zuenez, irabazleari zera eskatu diote: «Euskal auziari ekiteko nolabaiteko konpromisoa». Iñigo Urkullu EAJko presidenteak ziurtzat jo zuen Zapateroren garaipena, eta elkarrizketa abiatzea nahikoa litzatekeela aurreratu du.

EAJren asmoa, Erkorekak erantsi duenez, Gobernu espainoleko burua izango denak «arazo hau bere agendaren arazo funtsezkoenen artean sartzea» izango da. Izan ere, «gaur egun Euskadin hori gainditu gabe dagoen ikasgaia dela onartzen du jende guztiak», argudiatu zuen.

Hori eginez gero, presidentegai berriari babesa eman ala ez aztertuko luke EAJk. Baina Erkorekak aurreratu du gehienetan ez dutela inoren alde egin Kongresuan egindako inbestitura saioetan. «Bi aldiz baino ez dugu alde bozkatu: Felipe Gonzálezen azken legealdian eta Aznarren lehenengoan. Gainerako guztietan abstentzioa eman dugu (PSOErekin) edo ezetza (UCD eta PPrekin)», ekarri zuen gogora ordezkari jeltzaleak.

Abstentzioaren aurka

Elkarrizketa berean, beste behin ere, ezker abertzaleak bultzatutako abstentzioaren aukeraren aurka egin zuen Josu Erkorekak. Honen hitzetan, «eragin okerra eta onartezina» du horrek «demokrazia sistema batean». Honela adierazi zuen: «Anonimoa izan beharko lukeen boza agerikoa bihurtzen du» (boza emateak abstentzioa baztertzen duela begi bistan uzten baitu).

Honekin batera, jarrera horrek PPri eta PSOEri «zeharka» mesede egiten diela berretsi zuen berriro Erkorekak. «Zuzenean zakarrontzira botatako boza da hori», adierazi zuen.

EAJk lor ditzakeen emaitzei dagokienean, lasaitasuna agertu zuen Kongresuan jeltzaleen eledun izan denak. Alde horretatik, duela lau urte eskuratutako zazpi eserlekuei eutsiko dietela espero duela esan zuen. «Boz baliogarria», Bizkaian bereziki, EAJri emandakoa dela argudiatu zuen, «gainerako alderdi abertzaleek eserleku gehiagorik lortzeko inolako aukerarik ez baitute bertan».

ABSTENTZIOARI EZ

Ezker abertzaleak planteatutako abstentzioa errefusatu egin zuen Erkorekak. Eskaera horrek «anonimoa izan beharko lukeen boza ageriko bihurtzen du», salatu zuen.

ESKAERA BIZKAIAN

Bizkaian batez ere «boz baliagarria» EAJri emandakoa izango dela ziurtatu zuen, gainerako alderdi abertzaleek ez baitute eserleku gehiagorik eskuratzeko aukerarik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo