GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

comunicado de euskadi ta askatasuna

Euskadi ta Askatasunaren deia Euskal Herriari

 

ETAk, nazio askapenerako euskal erakunde sozialista iraultzaileak, Euskal Herriak bizi duen egoeraren aurrean honako deia egiten die euskal herritarrei.

Espainiako Estatuak salbuespen egoera ezarrita dauka Euskal Herrian. Azken asteotako atxiloketa, espetxeratzeak, alderdi politiko independentisten ilegalizazioak eta torturek, Espainiako Gobernuak irekitako errepresio ildoa larriagotu egin dute.

Errepresio basa horren helburua, Euskal Herriari bere autodeterminazio eskubidea ukatzen jarraitzea da. Duela 30 urte xede berarekin Espainiako Konstituzioa inposatu zutenetik, gure herria borroka bidez oldartu zaio zapalkuntza egoera horri, Herri eskubideen kartzela gisa eraikitako legedi espainol horrek Euskal Herrian zilegitasunik ez duela, eta ez duela sekula izango erakutsiz.

Inposizio eta salbuespen egoeren gainetik, euskal herritarrok egina daukagu gure hautua: Euskal Herriko Estatua eraikitzeko erabakitasuna eta indarra ez dute sekula geldituko.

Testuinguru horretan, Espainiako Estatuak duela 30 urtetik inposaturiko amaraun juridiko-politikoari zilegitasuna eta egonkortasun berritua ematea bilatzen du, eta martxoko Espainiako hauteskundeek Euskal Herriarentzat zapalkuntza aro berri bat iragartzen digute.

ETAk, duela 30 urte Espainiako Konstituzioaren inposizioaren aurrean egin bezala, oraingo egoerari ere Herri gisa aurre egin behar diogula uste du. Horregatik, Espainiako neo-faxismoaren aurrean oldartu eta Euskal Herriko Estatuaren alde indarrak biltzeko deia egin nahi die herritar abertzaleei.

Euskadi Ta Askatasunak, Espainiako hauteskunde orokorretan abstentzioa eta boikoterako deia egiten du.

Alderantziz, erreforma otzanki onartu zutenetik, 30 urtetan zehar, Espainiako monarkia parlamentarioaren jokoan murgildurik aritu diren euskal alderdi erregionalistek hauteskunde espainol hauetan ere normaltasunean aritzeko hautua egin dute. Alderdi horien jokabideak, errepresioa babestu eta Espainiako Konstituziotik eratortzen den legedi zapaltzaileari zilegitasuna besterik ez dio ematen.

Martxoaren 9an abstentzioa bultzatuz eta Espainiako hauteskundeei boikot eginez, Espainiako Gobernuko hurrengo agintariei argi adierazi behar diegu herri bat zutik izango dutela aurrean, eta Euskal Herriak borrokaz askatasunerantz bere bidea egiten jarraituko duela.

Gora Euskal Herria askatuta!

Gora Euskal Herria sozialista!

Jota eta Ke independentzia eta sozialismoa lortu arte!

Euskadi Ta Askatasuna

Euskal Herrian,

2008ko otsailean

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo