GARA > Idatzia > Jo puntua

Sonia Gonzalez Idazlea sagarroiak@gmail.com

«La fiesta de la democracia» Euzkadiko pil-pilean

Saltsa espainolean edo euzkal pil-pilean, euskaldunok kozinatuak izan gura ez dugun arren, horiexek ei dira aukera posible bakarrak

Silveira Españan bizi da, herenegun kontatu zigunez, eta zer egingo diogu, ba! Hegoaldeko beste guztion moduan, PNVkoak legez. Diferentzia bakarra da batzuek behartuta egiten dugula eta beste batzuek egunero-egunero urte askotarako opatzen diotela elkarri. Telemarketing langile batek ere komentatzen zuen «El Correo» egunkarira bidalitako gutun batean: Euzkadiko enpresetarako eta Euzkadiko administrazioetarako lan egiten duela, baina Estatu mailako hitzarmena Euzkadiko patronal horri gehien interesatzen zaiona izanda, ba bertako hitzarmena aplikatzen diete. Horra hor Euzkadiko langile bat, egunotan botoa eskatzen diotena: aldi baterako kontratua zortzi urtez, astelehenetik domekara arte -jaiegunak barne- 39 ordu astean beteta eta 800 euro hilean kobraturik.

Eta horrelaxe gabiltza.

Gertaerarik inportanteena egunotan? Zapatero eta Rajoyren arteko «eztabaida», jakina. Hala ere, ez daukat batere argi horri eztabaida deitu ahal zaion, ezta neure ikuspegitik irtenda eta españolita de a pie bainintzan begiratuta ere. Minutu bi besterik ezin ziren agoantatu kutre-espektakulu horren aurrean. «Ta zu geixao!», «ez, zu geixao!», «tonto», «tonto zeu» etengabeak entzuteko edozein parketara joanda nahikoa da. Ai, hauteskundeak Estatu espainolean, zelako maila! Demokrazia espainolaren esponenterik argiena... zelan esaten diote? A, bai, la fiesta de la democracia, bai horixe, un festorro!

Eduardo Galeanoren ipuin batek ondo baino hobeto azaltzen du: egun batean sukaldari batek baserriko paita, oilo, oilar eta oilasko guztiak batu zituen eta zera galdetu zien, ea zein saltsatan gura zuten kozinatuak izan. Orduan denen isiltasun luze eta pisutsuaren artean, azkenean, oilo bat ausartu zen edozelan ere, eurek ez zutela kozinatuak izan gura. Sukaldariak zera erantzun zien, horrelakorik eztabaidatik kanpo gelditzen zela guztiz.

Eta honelaxe, saltsa espainolean edo euzkal pil-pilean, euskaldunok kozinatuak izan gura ez dugun arren, horiexek ei dira aukera posible bakarrak. Eta zentzuzkoena da, denok dakigunez, aurretik jartzen diguten guztiari amen, eta dena tragatzea, arazorik topatu nahi ez badugu. Baina horixe zoritxarra, herri honekin horrelakoak lortzea aspalditik kostatzen, kostatu eta kostatuko zaiela. Ondo irudikatuta geldituko da euren hauteskundeetan, tragatzen ez duen eta planto egitea erabaki duen jendea egon badagoela, eurek gura baino askoz gehiago, gainera.

Lehen aipatu dudan periodiko berberak atzoko edizioan sekulako hausnarketa egin zuen orrialde batean mundu guztiari erakusteko zelan ezker abertzalea desagertu den hauteskunde zurrunbilotik, mapatik, errealitate mediatikotik. Bertan azaltzen zutenez, ezker abertzalea «espektro moduko» zerbait bihurtu da. baina, horra hor sorpresa, orrialdea pasa eta hurrengoan bertan ANVko hautetsien argazki handi-handia eta ia orrialde osoko artikulua. Espektroa izateko, neskak, behintzat, nahiko enfokaturik agertzen ziren argazkian.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo