GARA > Idatzia > Euskal Herria

Soziolinguistika Klusterrak lehen jardunaldia egin du «oraina ezagutzeko» asmoz

«Geroa bermatzeko, oraina ezagutu» leloarekin, lehenbiziko jardunaldia egin du Soziolinguistika Klusterrak, eta 2007ko proiektuetako emaitzak plazaratu ditu. Hainbat aditu bildu da, Xavier Vila kataluniarra tartean.

GARA |

EHUko Donostiako Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultatea soziolinguistikako hainbat adituren elkargune izan zen atzo. Hitzaldietan eta mahai inguruetan izan ziren Xavier Vila, Malores Etxeberria, Alex Mungia, J. Inazio Marko, Iñaki Martinez de Luna, Kike Amonarriz eta Txillardegi. Azken horri, gainera, omenaldia egin zioten lana eskertzeko. Maria Jose Azurmendik, BAT soziolinguistika aldizkariko zuzendaritzan erreleboa hartu zionak, aginte-makila eman zion.

Bartzelonako Unibertsitateko irakasle eta ikertzaile Xavier Vilaren hitzaldiak ikusmin handia eragin zuen. Hezkuntza sisteman hizkuntza sustatzeak zein potentzialtasun eta muga dituen aztertu zuen, baita Kataluniako kasuaren irakaspenak ere. Azaldu zuenez, halako ikuspegi konparatibo bateko irakaspenetako bat da hutsune handia dagoela hezkuntza arloko hizkuntzaren erabilera formalaren eta kidekoen arteko komunikazio informal izateko duen erabileraren artean. Bereziki hizkuntza nagusia ingurunearen jaun eta jabe den komunitateetan, lehenengotik bigarrenerako trantsizioa ez da, ez automatikoa ez saihestezina, nagusiak aise blokea baitezake prozesua. Hala, ikertzaile honen iritziz, hizkuntza batean komunikazioa lortzeko proiektuek segurtatu behar lukete hizkuntza jakin horretako pertsona arteko gaitasunak modu eraginkorrean eskuratzen dituztela ikasleek.

Bestalde, Kataluniako esperientziak erakusten du erakunde ofizialekiko mendekotasun gehiegizkoa kaltegarria izan daitekeela. Jarrera etorkorrak eta paternalistak saihesteko aholkatu zien Vilak sustatzaileei, eta ahots sozialak hizkuntza horretan aditzeko aukera izatea ona dela jakinarazi zuen.

Hirugarren irakaspenak hedapenaren eta intentsitatearen arteko oreka zailarekin du zerikusia. Adituaren esanetan, batzuetan zuhurra izango da hizkuntzaren hedapenaz arduratzea, horrek elkar ulertzea bultzatuko baitu. Baina hedapena hautatzea, sarritan, intentsitatearen kaltetan izan ohi da. «Egungo hiztun komunitateak (ber)eraikitzeak ahalegin guztiak hiztun errealen kopuru batean biltzea eskatzen du, eta hiztun talde hori, definizioz, txikiagoa da hizkuntza irakasteko estrategiekin (sinpleagoekin) izan dezakegun taldea baino», argitu zuen.

Soziolinguistikan erreferentziazko diren pertsonen hitzaldiak eta mahai inguruak entzuteaz gain, Klusterrak landutako proiektu batzuen berri ere izan zuten jardunaldian parte hartu zutenek. Iker Salaberria eta Asier Basurto Kluster-kideek, esaterako, teknikarien formazio premiak aztertzeko lana borobiltzeko dinamika bat diseinatu dute: Polinizazioaren dinamika. Ikerketa horretatik ondorioztatzen denez, gaur egun soziolinguistika arloko teknikari bezala lan egiteko beharrezko gaitasunen jabe izateko ez da nahikotzat jotzen unibertsitateetan dagoen eskaintza eta enpresek beren gain hartu behar dute formazioa, ezinbestean.

teknikarien lana

Teknikarien lana aztertzean bereizitako hiru esparruetan (udal, enpresa eta gizarte teknikariak) garrantzi gutxien ematen zaien gaitasunetan ikusi dute hutsune gehien.

HIZNET

Ikerketak dioenez, HIZNET soziolinguistikako ikasketa nagusiak beharrezko ezagutza teorikoa ematen du; praktikotasunarekin lotura zuzenagoa beharko luke, ordea.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo