Ohorezko maila
Bera Berak Getxok baino premia handiagoa dauka
J.L. | DONOSTIA
Ohorezko Mailan, euskal derbia izango da gaur arratsaldean Anoetako estadio txikian, 16.30etik aurrera. Bertan, Spyro Bera Bera eta Getxo Artea neurtuko dira.
Bi taldeak oso egoera ezberdinean helduko dira neurketara. Bizkaitarrak mailari eusteko txartela eskuetan dute jadanik, eta gipuzkoarrek, aldiz, puntuen premia handia izango dute jaitsierako postuetan ez sartzeko.
Bera Berak azkeneko jardunaldian ere derbia izan zuen, Ordizian, baina hura galdu egin zuenez, taldea kinka larrian dago orain, gaurkoan beste behin puntuek ihes eginez gero, beste talde batzuen emaitzen zain geratu beharko bailuke. Getxo, ordea, helburua beteta dator, eta lasaitasun hori aprobetxatu nahiko lukete. Edonola ere, derbietan beti nahi izaten dute denek irabazi.
Bera Beraren egoera zaila baldin bada, oraindik are zailagoa da Ampo Ordiziarena. Gipuzkoarrak jaitsierako postuetan daude, eta oso neurketa zaila izango dute bihar Sevillan, Cajasolen aurka (12.30). Axio Arañak zuzentzen duen taldeak, gutxienez puntu bat lortu nahiko luke, baina hori ere ez da erraza izango, Sevillako taldea oso indartsu ari baita etxean.
Liga Federala
Liga Federalean, Donibane Lohizunek Pro 2ra igotzeko borroka ongi hasi zuen garaipen handi batekin, eta bide beretik jarraitu nahi du, hirugarren eta azkeneko fasera heltzeko. Avenir Valencien taldea hartuko du bihar 15.00etan. Jaitsierako fasean, bi euskal taldeak kanpoan arituko dira. Poitevinen zelaian jokatuko du Maulek, eta Nafarroak, aldiz, Chateauraden zelaian, biak, bihar 15,00etan.
Emakumezkoen Lehen Mailan, berriz, Baionako ASB taldeak, Velletais taldea hartuko du bihar, 14.30ean hasita. Espainiako Autonomien Nesken Txapelketan, EAEk, bihar Cordoban jokatuko du Andaluziaren aurka (11.30).