GARA > Idatzia > Kultura

Gaur izango da Nafarroako Bertsolari Txapelketaren hirugarren finalaurrekoa

GARA | BERA

Aurreko bi asteburuetan jokatu diren bi finalaurrekoen ostean, gaur izango da Nafarroako Bertsolari Txapelketaren hirugarren finalaurrekoa. Horren ondotik, martxoaren 15ean, Elizondon jokatuko den finalean arituko diren zortzi bertsolariak zein diren argituko da.

Gaurko saioa Berako kultur etxean jokatuko da, 18.00etatik aurrera, eta sei bertsolari arituko dira taula gainean. Horietako batek lehen aldiz parte hartuko du txapelketa honetan: Ander Fuentes. Iturengo bertsolari horrek bere herrian egin zen kanporaketan lortu zuen finalaurrekoetara sailkatzea.

Bertan neurtuko diren gainerako bertsolariak arituagoak dira: Jon Barberena, Migel Mari Elosegi Luze, Eneko Lazkoz, Jon Elizetxe eta Juan Mari Lopez.

Finalaurreko honetan arituko diren sei bertsolarien arteko onenak lortuko du zuzenean Elizondoko finalerako txartela. Orain arte, aurreko bi finalaurrekoetako bi irabazleek eskuratu izan dituzte txartelak: Erika Lagomak irabazi zuen Iruñeko Txantrea auzoan otsailaren 16an egin zen saioan. Eta Xabier Legarretak, berriz, irabazi zuen Lekunberrin, otsailaren 23an jokatutako kanporaketan.

Finalerako sailkapena

Horrez gain, Berako finalaurrekoaren ostean jakingo da zein diren finalean egongo diren beste bost bertsolariak. Finalaurrekoetako hiru irabazleez gain, puntuazioarik onenak egin dituzten bostak sailkatuko dira Elizondoko saiorako, eta hala, zortzi bertsolari arituko dira Elizondoko finalean.

Fitxa

Lekua: Debako kultur etxean.

Data: Martxoak 1, larunbata.

Ordua: 18.00etan.

Parte hartzaileak: Jon Barberena, Migel Mari Elosegi, Eneko Lazkoz, Jon Elizetxe, Juan Mari Lopez eta Ander Fuentes.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo