GARA > Idatzia > Real Sociedad

PARTIDA

Eizmendi ez dago kezkatuta entrenatzaileari buruzko zurrumurruekin

GARA | DONOSTIA

Taldeko jokalari garrantzitsuenak lotzeko egiten ari den lanaz gain, badirudi Iñaki Badiola datorren urterako entrenatzaile bila ari dela.

Hala diote, behintzat, zurrumurruek, eta dagoeneko hainbat izen entzun dira, aipatzekoa izen horien artean Joserra Eizmendirena ez egotea. Entrenatzaile gipuzkoarrari, atzo aitortu zuenez, ez zaio gehiegi axola hori guztia. «Ez nago kezkatuta», esan zuen, «bakoitzak bere erantzukizuna baitauka». Presidentearena talde on bat egitea litzateke, eta berea, daukan taldearekin lan egitea. Denek ere erantzukizun berbera dute, lana behar bezala betetzea.

Are gutxiago gustatu zaio Eizmendiri azken egunotan Fran Merida lagatu izanari buruz esandakoa. «Esan diren hainbat gauza bidegabeak dira, nire gaitasuna eta erantzukizuna zalantzan jartzen baitituzte. Neu naiz arduraduna, neuk erabakitzen dut zeinek jokatzen duen, eta hori, informazioak kontrastatu gabe epaitzea, bidegabea da, errespetu falta da», azpimarratu zuen.

Aurkari arriskutsua

Entrenatzailea hurrengo aurkariari buruz ere aritu zen, «sailkapeneko postuak erakusten duen baino joko hobea duen» Xerezeri buruz, hain zuzen ere. Horregatik, Eizmendik arreta handiz jokatzea eskatzen die bere gizonei, lasaikeriarik gabe, baita «Elxen baino gehiago egiteko ahalmena daukagula pentsatzea ere».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo