AMATEUR Aurkezpena
Azpiru-Ugartek goi maila bilatuko du aurten ere
Escobar eta Lana dira taldearen fitxaketa nagusiak, eta Ferrarik, Artolak eta Tamayok lagunduko dute
Unai IRARAGORRI | DONOSTIA
Hirugarren urtez, Azpiru-Ugarte amateur taldea errepidean lehiatuko da, 2007 urte arrakastatsua errepikatzeko prest. Txirrindulariak eta denboraldia atzo aurkeztu zituzten Donostian. Talde sendoenetarikoa izango dute gipuzkoarrek, esatereko, Fabricio Ferrari, Guillermo Lana, Ugaitz Artola eta Diego Tamayo goi mailakoak dira 23 gaztez osatutako talde horretan. Eta Sergi Escobarrek sekulako ospea lor lezake pistako Mundialean eta Olinpiar Jokoetan.
Denboraldia hasi besterik ez eta, azken egunotan, albiste ezin hobeak eman ditu taldeak. Alde batetik, Nicolas Mateos talde profesionaletik Escobar pista aditua fitxatu dute jada. Kataluniarrak ibilbide oparoa du pistan, eta domina gehiago biltzen saiatuko da aurten Mundialean eta Olinpiar Jokoetan. Bestetik, Lanak aurreneko garaipena lortu du, igandean nagusitu baitzen Espainiako Koparen barruko Guerrita proba ospetsuan.
Iaz, garaipen gehien eskuratu zuen Euskal Herrian, baina Pujolek baino ez du eman oraingoz jauzia. Ferrarik -hurrengo astean helduko da Uruguaitik-, Artolak eta Tamayo kolonbiarrak beste urte bat emango dute Azpirun, eta Lana fitxatzeak multzo hori sendotu du.
23 urtetik beherakoetan Julen Gonzalez eta Mikel Filgueira dira nabarmentzekoak, eta bost junior trebe igo dira.
Eizagirre, Blazquez, Olea eta Rybakov, berriz, hutsuneen artean dira aipatzekoak.
Escobar kataluniarra Mexikora abiatuko da Manchesterreko pistako Mundialak prestatzeko. Olinpiar Jokoak ditu urteko beste xede nagusia. Hainbat domina kolkoratu ditu, eta Azpiru taldean gehiago eskuratzeko prest dago.