Eneko Barberena Idazlea
Juduz beteriko trenak
Eta zer egin? Begiak itxi ditzakegu, ostrukak legez burua lur azpian sartu. Baina, nire aburuz, ez dago bide bazterrean geratzeko espaloirik, partida begiratzeko harmailarik. Dena da errepide, dena da partida
Zer egin zure inguruan injustizia nagusitzen denean? Imajinatzen dut galdera hori hainbatek egin diola bere buruari gizakion historia odoltsuan zehar. Neuri behintzat, hori igaro zait burutik azkenaldiko legez kanporatze eta atxiloketa erauntsiaren ondoren. Zer egin zentzugabekeria nagusitzen denean? Zer egin juduz beteriko trenak igarotzen ikustean?
Euskal Herrian aspaldian gehiegi lotu gatzaizkio oinazeari. Ohitu egin gara. Eta nekatu ere bai ziurrenik. Atzean eta motz geratu da «564» kanta, horitu dira jada «Egin»en orrialdeak. Zer esanik ez legez kanpo utzi diren alderdi edota erakundeen hizki zopaz.
Gerrara ohitu gintezke, baina gerra egon badago. Hori dio orain blogariek modan jarri duten kantak. Eta nire galdera da, ene gogoeta xumea: zer da gerra? Gerran al gaude gu? Gurea al den gerran ote gaude gu? Egia esateko, partikularki, ez zait gehiegi inporta nork hasi zuen gure gatazka hau. Isabel erreginaren tropek, gure arbaso zakarrek, Ahaide Nagusiek edota Gaztelako zakur beltzek. Nire itauna da: gatazka badago ala ez? Eta gatazka balego, lubakian ba ote da fusilik gure izenarekin? Beste era batera esateko, gatazka honetako aktoreen errepartoan gaude? Hainbatek aspaldi erantzun zioten The Clash-ek `The Guns of Brixton' kantan aipatzen duen galderari. Beste askok, geure egin genituen Benito Juarezen hitzak gure ideiak legez kanpo utzi zituztenean. Euren legetik kanpo esan nahi nuen, noski.
Milaka herritarren begiak «Egunkaria» auziaren ondoren ireki ziren, basakeria honekin amaitu beharra zegoen ideia nagusitu zen Kontxako Badian neguko larunbat hartan. Badago, esan duenik, Atutxa auzia izan dela azken 30 urteetan demokrazia ustelkeriaren azken tanta.
Ene galdera da, ene egonezina da, zer egingo dugu bitartean begira gaudenok? Noiz egingo ditugu gure Igor Porturen ubeldurak? Noiz ohartuko espetxearen itzala gure zapatetaraino iristen dela? Ados bagaude egoera hau amaitu behar izatearekin, ados bagaude «stop» esateko garaia dela onartzearekin, zeren zain gaude? Brecht-en olerkiko profezia egia bihurtu arte? Noiz da «aski da» ozen esateko garaia? Akaso gure inozotasunean uste dugu ez direla gure bila etorriko, gure zenbakia ez dagoela loteriaren bonboan. Begira egon gaitezkeela beste barik, argazkitik at bageunde bezala. Gandiagak maisuki azaldu zigun basoan gertatzen denak zuhaitz guztiei eragiten diela. Basoa behar baitu zuhaitzak, inguruko zuhaitzen babes eta goxotasuna. Zuhaitza, pertsona legez, ez delako ente isolatua. Inoiz ezin izango da izan gainera.
Gainera, gu zuhaitz izan arren baso ere bagara, ezin diogu baso izateari utzi. Nahi ala ez beste zuhaitz batzuez inguraturik gaude eta zuhaitz hauei gertatzen zaienak eragina du gugan. Eragin zuzena batzuetan, sotilagoa gehienetan.
Eta zer egin? Ez da galdera makala. Begiak itxi ditzakegu, ostrukak legez burua lur azpian sartu. Baina berriz diot, nire aburuz ez dago bide bazterrean geratzeko espaloirik, partida begiratzeko harmailarik. Dena da errepide, dena da partida.
Demokrazia ustelaren kiratsa sumatzen dugunetik, ez ote gara konplize bihurtzen geu ere besoak gurutzatzen baditugu? Noiz ohartuko gara, eskubideak urratzen dituen gobernuak, ideiak kartzelatzen dituen gobernua, munstro asegaitza dela? Noski, norberak egin beza nahi duena, edo ahal duena. Neuk behintzat, argi daukat zer esango diedan bilobei juduz beteriko trenei buruz galdetzen didatenean. Zeren eta, badakigu trenak juduz beteta daudela, ezta? Eta ez gara haurrak bagoi horien patuaz ez konturatzeko , ezta?
Amaitzeko besarkada bero bat Gasteizko azken espetxeratuei eta bereziki Azaitz Gartziari. Joxe Ripiau taldeak dioen bezala, gaueko unerik ilunena egunsenti aurrekoa da. Aurrera bolie!