GARA > Idatzia > Editoriala

Sarraskiaren ondorengo tentsioa eta isiltasuna

Ekuadorko presidente Rafael Correak sarraskitzat jo zuen Kolonbiako Armadak Indar Amatu Iraultzaile Kolonbiarren (FARC) kontra egin zuen operazioa. Eta, izan ere, sarraskia izan zen, bonbardaketaren eta ondoren lurreko erasoaren lekukoen eta Ekuadorko Defentsa Ministerioaren ikerketen arabera. Kolonbiako Gobernuaren bertsioa, hartara, gezurtatu egin dute bonbardaketan zauritutako hiru gerrillarik eta gorpuen irudiek. Eta, bide batez, bake bideei muzin egiten dien gobernu bat ere utzi dute nabarmen, nabarmenago, ahal balitz.

Kolonbiako Armadaren operazioak truke humanitarioa, Venezuelako Gobernua bitartekari, abian dela egin izanak ez dirudi Kolonbiako Gobernuak bake bideak jorratzeko borondatearen zeinurik egokiena. Hildako gerrillarietako bat, Raul Reyes, FARCen eta Andres Pastranaren Gobernuaren arteko bake elkarrizketetan funtsezko pertsona izan zen, Hego Amerikan zehar elkarrizketa eta negoziazioaren bidea zabaltzeko lanetan ibilia zen eta, jakin berri denez, Ingrid Betancourten askatasuna lortze aldera Nicolas Sarkozy frantziar presidentearekin harremanak zituen. Hala ere, Gobernu horrek azalpen erraza, errazegia, ematen die Ekuadorri eta mundu osoari: «terrorismoaren kontrako borroka». Horretan aliatu boteretsuak ditu, bake bideetan barrena abiatuz gero, beren interesak arriskuan ikusiko lituzketen aliatuak, hain zuzen ere.

Bestalde, operazio militarra Ekuadorren lurraldean egin izana nazioarteko zuzenbidearen urraketa nabarmena da, eta, normala denez, eskualdean tentsioa areagotu egin du, hartarako elementu asko biltzen baititu Kolonbiako Gobernuaren operazioak eta jarrerak. Horiek horrela, kezkagarria da nazioarteko komunitatearen isiltasuna, zenbait kasutan harrigarria ez bada ere. Salbuespenak salbuespen, nazioarteko komunitateak, berriro ere, kasuaren arabera neurri desberdinak erabiltzen dituela erakutsi du. Batzuetan erakutsi nahi duen «zuhurtzia» nekez uler daiteke beste batzuetan hain presa handia eta zurruntasuna erakusten duenarengan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo