GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal presoen egoera gaitzetsi dute Pisan Abokatu Demokrata Europarrek

p021_f01.jpg

GARA |

Eskubideak Euskal Herriko Abokatuen Elkarteko zenbait ordezkari Italian izan dira berriki «Kartzela Europan» izeneko jardunaldietan. Beste 300 abokatu eta juristarekin batera, gaur egungo gizartean espetxeak dituen funtzioak, zigorraren exekuzioa, atxilotuen eskubideak eta kartzelaldiaren alternatibak aztertzen aritu dira Andoni Hernandez, Lorea Bilbao, Edurne Iriondo eta Julen Arzuaga.

Europako Abokatu Demokraten Elkarteak (AED) antolatuta, hitzaldi ugari izan zen Pisan otsailaren 29an eta martxoaren 1ean, eta horietan garrantzi handia eman zieten kartzela politika bereziei eta salbuespenezko zigorrei. Hala, parte hartzaile askok Estatu espainiarrak euskal herritarrei aplikatzen dien politika hartu zuen ahotan.

Gaiari heldu zion lehenbizikoa Europar Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Komiteko presidentea, Mauro Palma, izan zen. Zehazki, Komiteak Estatuari legedi antiterrorista bazter dezala behin eta berriro eskatu diola oroitarazi zuen. Inkomunikazioaren epea laburtzeko ere eskatu dio, baina kontrakoa egin dute agintariek: atxilotuak poliziaren eskuetan bakartuta hamahiru egun pasatzea ahalbidetu. Gauzak horrela, komiteak idazten dituen txostenak sekretupean gordetzeko betebeharra apurtu dezakeela ohartarazi zuen Palmak. Hala ere, horrelako neurririk hartu baino lehen, Estatua gomendioak bete ditzan presionatu behar dela uste du.

Euskal presoek pairatzen duten espetxe politikaz jardun zuen Abokatu Frantsesen Sindikatuko kide Virgini Bianchik ere. «Kolektibo hau Frantzian eta Espainiako lurralde osoan zehar dauden kartzeletan dispertsatzen dute», salatu zuen. «Sententziak inposatzen duen zigorraren gaindiko salbuespeneko tratamendu krudelaren adibidea» dela baieztatu zuen.

Associacio Catalana Des Drets Humans abokatuen erakundeko kide Jordi Oliverasek zigorra osorik betetzeko urratsak ematen ari direla kritikatu zuen, 40 urtera arte. «Botere publikoei zigorra betetzea nahikoa iruditzen ez bazaie, inkulpazioak asmatzen dituzte askatasunaren eskubidea bortxatuz». Iñaki de Juanaren kasua zela-eta AEDk adierazpena plazaratu zuen 2007ko urtarrilaren 17an.

Ekitaldiaren amaieran, erakundeko presidente eta Italiako abokatu Gilberto Paganik terrorismo kontzeptuaren anbiguetateak zigorren salbuespenezko aplikazioa ekartzen duela salatu zuen, eta 18/98 prozesua jarri zuen adibidetzat. Etorkizunean ere jarraitzeko eta behatzeko konpromisoa berretsi zuen.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo