GARA > Idatzia > Txirrindularitza

AMATEUR | Protagonista

Unai Aranzabalek beste aurrerapauso bat eman nahi du

Bidelan taldeko bergararra sasoiko dagoela erakusten hasi da eta ibilbide horri eutsi nahi dio denboraldi osoan, erregulartasuna lortu garaipenen gainetik

p052_f01_148x096.jpg

Unai IRARAGORRI | BILBO

Gipuzkoan, harrobitik zaintzen dituzte txirrindulariak. Federazioak eta taldeek gazteak arlo guztietan hazteari ematen diote lehentasuna, emaitzen gainetik. Ildo hori oso aberasgarria da eta mutilak pixkanaka protagonista izaten hasten dira. Lan horren adibide Bidelan-Kirolgi taldeko Unai Aranzabal da, dudarik gabe. Urtero egin nahi ditu aurrerapausoak Bergarakoak, eta aurten ezin hobeto aritu da, «gogoz eta konfiantzaz» beteta. Soraluzen bigarren helmugaratu zen Amadorren atzetik.

Igandean, amateur onenak lehiatu ziren Aiztondo Klasikoan; Aranzabal 22. sailkatu zen, baina «nahiko gustura» lehiatu zela da nabarmentzekoa. «Erritmo bizian aritu ginen arren, aurrean eman nuen, azken kilometroetan nekea sumatu banuen ere», aurreratu du.

Urtero eman ditu aurrerapausoak, txikiak badira ere. «Gora egin dut», baieztatu du. TKV taldean hasi zen amateurrean eta hurrengo denboraldia Azpirun aritu zen, azken bi urteak Bidelanen lehiatzeko. Emeki, onurak lortzen ditut. Baikor dabil txirrindularia; izan ere, ikasketak amaitu ditu - Natura eta paisaia baliabideen kudeaketa - eta aurten daukan guztia emango du txirrindularitzaren alde. «Etxean eman didate aukera hori; gustura nabil, eta astero entrenatzeko eta lehiatzeko ilusioa eta gogoa dut».

Ez dizkio bere buruari mugak ipini nahi. «23 urtetik beherakoetan multzo zabala dago, Amadorren atzetik. Sekulako dohainak ditu horrek. Hamar bat txirrindulari gara lehia egiteko, eta protagonista izateko aukerak ditudala uste dut, baina ez maila horretan bakarrik».

Naturgaseko Echeverz eta Ilundain, Seguros Bilbao taldeko Egoitz Garcia, Palacios eta Izagirre eta Caja Ruraleko multzoa goraipatu ditu.

«Helburu bakarra»

Lasterketa bat irabaztearen helburuaren gainetik, nahiago du urte osoan «erregularra izatea», hau da, «ondo hasi eta berdin jarraitu; irabaziko banu, poza hartuko nuke, noski, baina azken urteetan bolada txarrak ere izan ditut, beraz, jomuga bakarra dut: antzeko maila ematea».

Iaz, Valladolideko Itzulian lortutako laugarren postuak erabateko konfiantza eman zion Aranzabali. «Aurrean ibiltzeko gai naizela konturatu nintzen».

Horregatik, aurten ere Valladoliden «protagonista izaten» saiatuko da, baita Bidasoako Itzulian ere. «Maiatzera sasoiko heldu nahi dut, eta ekaina arte luzatu, txapelketak direla-eta».

Gipuzkoa-Moyua selekzioarekin ere lehiatuko da atzerrian, hurrengo igandean, eta 21ean eta 23an talde kontinentalen aurka neurtuko ditu indarrak gipuzkoarrak.

«Beste era batera lehiatzen dira eta asko ikasten dut. Kanpora irtetea ezinbestekoa da hazteko; aberasgarria da. Hemen, berriz, lasterketak antzekoak dira eta aurkariak ere betikoak dira», adierazi du.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo