GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Emakumearen nazioarteko eguna

Zuriñe Gil Athletic-eko jokalaria «Inork ‘zu bezalakoa izan nahi dut’ esatea gauzarik pozgarrienetakoa da»

p012_f04.jpg

Zuriñe Gil García de Azilu 20 urteko emakume gasteiztarra da. Askok, baina, astero-astero galtza motzak eta kamiseta zuri-gorria jantzita futbolean aritzen delako ezagutzen dute. Punta-puntako futbolaria da, Europako 19 urtez azpiko txapelduna eta bi Superliga irabazitakoa; hala ere, bere taldekideen gisara, baloiak ez dio jaten ematen, futbolaria bai, baina emakumezko futbolaria baita.

Txiki-txikitatik izan zuen Zuriñek futbolerako zaletasun handia. Ikastetxean hasi zen baloiari ostikoka, bertako taldean. «Adin horretan neska talderik ez zen, eta mutilekin jokatu behar izaten nuen». Geroago, kirol honetan aritzeko dohain bikainak zituela ikusita, Gasteizko Aurrera taldean hasi zen jokatzen. Hasiera batean mutilekin berriz ere, adin tarte horretan ez baitzegoen neska talderik. Hamalau urterekin hasi zen neskekin futbolean jokatzen eta hamazazpi urterekin zer, eta Athletic taldeak deitu zion jokatzeko. Lau urte daramatza bertan. Txiki-txikitatik, nagusitan zertan lan egin nahi zuen galdetzen ziotenean zer erantzuten zuen ez du ondo gogoratzen, baina Athletic taldean jokatzea betidanik izan du amets. «Aurreran jokatzen nuenean ikusten nuen Athletic-eko neskek liga irabazten zutela-eta bertan jokatzea niretzat ametsa zen».

Ama, aita, futbolean aritu nahi dut? Erantzuna ez da beti jaso nahi dena izaten. Zuriñek ez du horrelako arazorik izan, gurasoak baititu ikusle eta jarraitzaile finenetarikoak. «Beti joan izan dira nire partidetara, eta gogotik animatzen naute. Athletic-ek deitu ninduenean poztasun handia izan zen beraientzat ere, etxetik irten beharrak eragin zien samin handiena, bestelakoan, neu bezainbat poztu zituen eskaintzak». Hala ere, jakin badaki futbolean aritu nahi duten neska guztiek ez dutela laguntza bera jasotzen etxean. «Neska askori esaten diete lehenengo eta behin ikasketak zaindu behar dituztela, baita neuri ere. Baina ikasketak nahiko txukun eraman ditudanez, ez didate inoiz trabarik jarri futbolean aritzeko. Mutilen kasuan ez da gauza bera gertatzen, oso ona bada futbolean, ikasketak baztertzen ditu, futbolak bizitzeko adina diru emango diolako».

Nesken artean gero eta kirolari hobeak daudela nabarmendu du. «Askok ez dute jada afizio gisa ikusten, ikaragarri saiatzen dira egunero-egunero, baina, hala ere, emakumeek, kirolaz gain, beste zerbait ere izan behar dugu. «Garrantzi handiagoa eman behar diegu ikasketei, lan bat topatzeari, eta noski, lan hori kirolarekin bateragarria izan dadin lortu behar dugu, gainera». Bera ikasten ari da oraindik, eta horregatik nahiko ondo moldatzen da,«baina badira, entrenamenduetara estu eta larri iristen diren taldekideak, korrika eta presaka ibili behar izaten dutenak».

Astean lau aldiz joaten dira Lezamara entrenatzera eta asteburuetan partidak izan ohi dituzte han eta hemen. Mutilen taldeak adina ez, baina ordu mordoa eta sakrifizio handia eskatzen die futbolak neska hauei guztiei. Aldean jasotzen dutena ordea, mutilen aldean ezberdina da oso. Hala ere, eurak baino askoz ere okerrago daudenak ere badirela dio. «Gizonen kirolekin ezin da alderatu, baina gu Athleticen nahiko ondo tratatzen gaituzte, beste talde askotan material, edota zelai arazoak izaten dituzte, gure kasuan bidaiak hegazkinez egiten ditugu, beti izaten dugu zelaia… Badira gu baino asko ere okerrago dauden taldeak».

Zer da emakumeek kirolari eskaintzen diozuena eta gizonek eman ezin diotena? «Grina akaso, inplikazio gehiago dugu, ditugun zailtasunak handiago direlako eta gauden tokira iristeko izugarrizko esfortzua egin dugulako». Eta, jendeak zer esaten dizue? «Gehienek uste dute gu profesionalak garela, ia mutilek hainbat entrenatzen dugula ikusten baitute. Ez dakite benetan dugun egoera zein den, bizitzeko beste lan bat izan behar dugula».

Bideak irekitzen ari direla badakite, eta horrekin harro daude oso. «Athletic Bizkaian sentimendu bat da, futbolean ari diren neskatila guztiek jokatu nahi dute bertan, eta gu, jokalariak, eredu gara eurentzat. Partiduetara mila bat pertsona bertaratzen dira, asko neska gazteak eta behin baino gehiagotan bertaratu eta zu bezala izan nahi dut esan izan digute. Hori oso pozgarria da».

Momentu gozo eta gazienei buruz galdetuta, ez du zalantzarik, unerik pozgarrienak bi ligak irabazi zituztenekoak dira. «San Mamesen jokatu genuen, eta hori guztia izugarria izan zen, sinestezina». Unerik gaziena, berriz, futbolean jokatu ahal izateko oso gaztea zela etxea utzi, eta joan behar izan zuenekoa. Baina merezi izan omen dute egindako sakrifizio guztiek.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo