Floren Aoiz www.elomendia.com
Estadistarik ez espainiar Estatuan?
Gatazka politikoa gainditzeko bidea ez da erraza izanen; ez da inoiz erraza izan. Baldintza batzuk bete behar dira, eta horietako bat da espainiar Gobernua ausarta izatea. Benetako estadistak, estatu-pertsonak, behar dira, erabakiak hartzeko gai direnak, presioei aurre egiteko gauza direnak, ekaitzaren erdian ere arriskuak onartzeko prest direnak. Politikagintza bozka-kalkulagailurik gabe egiten dutenak. Estadista demokraziazaleak, espainiar nazionalismoaren fanatismoa atzean uzteko ahaleginari ekinen diotenak. Jendeen sufrimenduaz trafikatzen ez duten politikariak. Botere faktikoen aginduei ezezkoa emateko ahalmena dutenak. Espainiar Estatuaren iragana ezagutu eta aztertu duten estatu-pertsonak. Bakea maite duten agintariak, finean.
Ikusten al duzue horrelakoen arrastorik nonbait? Nik ez. Orain arte idatzitakoa hondarreko lau urteotan espainiar lehen ministro izan den Rodríguez Zapateroren antidefinizioa da. Eta beste hautagaia 1936ko uztailaren 18an kokatutako politikaria da, Aznarren txotxongilo patetikoa, Jiménez Losantosen kritiken beldur bizi dena. Hauek ez dira estadistak, hauek politikagintzaren pikaroak besterik ez dira.
Duela lau urte gidoian agertzen ez zen zerbait gertatu zen. Martxoaren 11ko sarraskiak eta, batez ere, PPk egun horietan egin zuenak eraman zuten Zapatero Monkloara. Gizona ez zegoen prestatuta horretarako, handiegia zen postua, eta orain begi-bistakoa da ez duela estadista-jantzia betetzen. Aznar, Acebes eta beren lagunak gezurretan ibili ziren ETAri sarraskia leporatzen, baina Zapaterok gezur erraldoiak zabaldu ditu ETArekin izandako negoziazioaz. «El Pais»eko kazetari batek atzo espainiar gobernuburuari egiten zion elkarrizketako pasarte hauek argi uzten dute: «P. ¿Volverá a negociar con ETA?/ R. No hay ninguna posibilidad. A ETA sólo le queda el fin del fuego./ P. Es decir, no./ R. No./ P. ¿No? ¿O no como después de la T-4». Ezin dut osorik kopiatu, baina Zapaterok behin baino gehiagotan gezurtatu du berak esandakoa, argipen lotsagarriak eskainiz. Jende guziek dakitena ukatzen du lasai asko. Eta hau da gatazka konpondu izanari esker historiara pasatu nahi zuen estatu-gizona!