GARA > Idatzia > Euskal Herria

Juan Mari Olano aske geratu da 30.000 euro bermea ordaindu ondoren

Amnistiaren aldeko mugimenduko eledun Juan Mari Olano aske geratu zen atzo, agintari espainolek jarritako 30.000 euroko bermea ordaindu eta gero. Gaueko hamaikak pasatxo zirenean utzi zuen zaldibiarrak Segoviako Kartzela. Iazko irailaren 9an atxilotu zuen Ertzaintzak, urtero Donostian preso politikoen eskubideen alde egiten den manifestazioan.

GARA |

Gaueko hamaikak jota zirenean atera zen Juan Mari Olano Segoviako espetxetik. Han zituen zain senide eta lagunak, etxerako bidaia egiteko. Urte erdia egin du preso amnistiaren aldeko mugimenduko eledunak, eta bere sendiak 30.000 euroko bermea ordaindu zuen atzo bertan aske gera zedin.

2007ko irailaren 9an atxilotu zuen Ertzaintzak Donostian, Kontxako Banderaren bigarren igandean egin ohi den euskal preso politikoen eskubideen aldeko manifestazioan. Lakuako Gobernuko Barne Sailak debekatu egin zuen, eta mobilizazioa Bulebarretik abiatu bezain pronto, manifestarien aurka gogor oldartu zen. Olano pankarta zeramaten lagunetako bat zen, eta preso hartu zuten.

Zaldibiarrarekin batera, beste zortzi pertsona ere atxilotu zituen Polizia autonomikoak, eta hainbat zauritu eragin zituen bere oldartzeak. Ondoren, istiluak ere gertatu ziren Gipuzkoako hiriburuko hainbat kaletan.

Guztiak aske geratu ziren hurrengo egunean Donostiako Auzitegitik pasatu ondoren, baina Olano minutu batzuetara atxilotu zuten berriz ertzainek. Barne Sailak adierazitakoaren arabera, Auzitegi Nazional espaino- leko epaile Baltasar Garzonen agindu bat izan zen arrazoia.

Biharamunean, otsailaren 11n, epaile horren aurrera eraman zuten zaldibiarra, Fiskaltzaren eskaerari jarraituz. Bere auzipetzearen oinarrian -«Amnistiaren Aldeko Batzordeak-Askatasuna auzia»n inputatuta dago- dauden ustezko delituak «berriz egitea» egotzi zion Ministerio Publikoki ordezkariak: hain zuzen ere, «talde armatuko kide izatea» eta «Askatasunaren jarduerak bertan behera uzten dituen erabakia haustea».

Baltasar Garzonek ez zuen zalantzarik izan, eta espetxeratzea agindu zuen «talde armatuko kide izatea» eta «kale terrorismoa sustatzea» leporatuta. Olanok uko egin zion deklaratzeari.

Hain justu, gertaera haiek guztiak ekarri zituen gogora atzo Askatasunak komunikabideei igorritako ohar batean. Errepresaliatuen aldeko Donostiako manifestazio hori duela hogei eta hamar urte egiten hasi zirela nabarmendu zuen lehenik, «baina hala ere, debekatu egin zuen Ibarretxeren Gobernuak eta ertzainek izugarrizko karga burutu zuten horren kontra, baita hainbat pertsona atxilotu ere».

Egun batzuetara, gainera, Oihana Agirre amnistiaren aldeko mugimenduko ordezkaria ere preso hartu zutela gogorarazi zuen, «arrazoi beragatik, eta egun espetxean dute oraindik».

Segovian, «erabat bakartuta»

Errepresioaren aurkako antolakundeak «gogor salatu» nahi izan zuen kartzelatu zutenetik Juan Mari Olanok pairatu behar izan dituenak. Izan ere, lehenengo egunak Madrilgo Soto del Realen egin ostean, Segoviara eraman zuten. Han, atzo arte, «era- bat bakarturik» eduki dutela gogorarazi zuen.

Horretaz gain, oraingo honetako 30.000 horiekin, guztira fidantzetan 130.000 euro ordaindu behar izan dituela nabar- mendu zuen. «Aurretik aipatutako eraso horiei guztiei, xantaia ekonomikoa gehitu behar zaie», azaldu zuen.

Euskal herritarrei ere zuzendu zitzaien: «Juan Mariri ongi etorririk beroena eskaini nahi diogu, eta bere sorterrian izango diren ekitaldietan parte hartzeko deia egiten dugu».

atxiloketa

Iazko irailaren 9an atxilotu zuen Ertzaintzak Donostian, presoen aldeko manifestazioan. Bi egun beranduago, Baltasar Garzonek kartzelara bidali zuen, «talde armatuko kide izatea» eta «kale terrorismoa sustatzea» egotzita.

deia

Askatasunak dei egin zien herritarrei datozen egunetan Zaldibian egingo diren ongietorri ekitaldietan parte har dezaten.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo