Aizkora | Apustua
Azken orduko aldaketarik egon ezean, udazkena arte ez da apusturik jokatuko
J.L. | DONOSTIA
Azken orduko aldaketa handirik ez baldin badago, datorren udazkena bitartean, gutxienez, ez da apusturik izango. Horretarako aukera Ander Erasun gazteak jarri zuen, baina inork ez dio erantzun, eta oraingoz, behintzat, apusturik ez dago eginda.
Iturengo aizkolari gazteak apusturako deia egin zien 19 urte bete gabe duten aizkolariei. Bera hamasei kana-erdikotara jokatzeko prest zegoen. 6.000 euro jokatu nahi zituen dirutan, eta bere asmoa apirilaren erdialdera jokatzea zen. 17 urteko Iturengo gazte honek pasa den ostiralerako iragarri zuen bilera, eta bera agertu zen bere koadrilarekin batera. Erasunekin batera sei bat lagun agertu ziren, tartean zela Miel Mindegia. Ezkurrako aizkolari beteranoa baita Iturengo gaztearen maisua.
Apustua jokatzeko modua izango zutelakoan joan ziren denak. Izan ere, azken egunetan, Azpeitia inguruko gazteren bat jokatzeko prest zegoelako zurrumurra zabalduta zegoen, baina Kantabriko tabernara ez zen inor agertu, eta beraz, ez zen apusturik egin.
Jendea Larretxeatarrei begira ere bazegoen, baina bai Patxik, bai Donatok, garbi utzi zuten, beren semeek oraingoz ez zutela apusturik jokatuko, eta haiek ere ez ziren agertu.
Oraingoz, beraz, ez da egingo zaleek nahi zuten apustu hori. Hala ere, ez litzateke harritzekoa izango datorren udazkenean edo neguan gazte hauen arteko demaren bat ikustea, baina oraingoz, behintzat, ez omen dago apusturik jokatzeko inor eta ez dago ezer hitzartuta.