GARA > Idatzia > Kultura

Jose Inazio Telletxea Idigoras historialaria zendu da, 80 urte betetzear zituela

p064_f02_88x136.jpg

GARA | DONOSTIA

Gipuzkoako hiriburuan sortu zen Jose Inazio Telletxea Idigoras 1928ko apirilaren 15ean, eta larunbat honetan, arratsaldez, minbiziak jota hil da Donostia Ospitalean. Atzo izan zen lur ematea, Nafarroako Ituren herrian, eta biharko daude deituta, hileta elizkizunak, 19.30ean, Donostiako Artzain Onaren katedralean.

Kurrikulum bikaineko historialaria ez da euskal kultur esparrutik inor ohartu gabe pasatu. Horren adibide garbia da 2002. urtean, donostiarrak, Eusko Ikaskuntzaren Manuel Lekuona saria bereganatu izana.

Ibilbide eta ekarpen oparoa

Teologian doktorea eta Historian lizentziatua zen Erromako Unibertsitate Gregorianoan; baita Filosofia eta Letretan lizentziatua ere, Historia sailean zehazki, Madrilgo Complutense Unibertsitatean. Halaber, euskaltzaina eta 1977tik Eusko Ikaskuntzako kidea ez ezik, donostiarra Estatu espainoleko, Venezuelako eta Mexikoko Historia Akademikoa ere bazen, eta baita nazioarteko hainbat talde zientifikoren kide ere.

Zabala eta aberatsa da oso Jose Inazio Telletxea Idigorasen obra, eta euskal zientzia eta historiako pertsonaia garrantzitsuei buruzko lanak nabarmendu daitezke esparru horretan.

Hain zuzen ere, izaera orotako artikuluak eta ehun bat liburu argitaratu zituen, lehenengoa 21 urte baino ez zituenean. Gainera, donostiarrak, Fray Bartolome de Karrantza -hogeitik gora lan eskaini zizkion horri-, Aita Larramendi, Katalina Erauso, Unamuno, Zuloaga, Peñafloridako kontea eta antzeko pertsona ospetsuen biografiak eta ikerketak eman dizkio euskal kulturari.

Bere lanik esanguratsuena, nolanahi ere, berak aitortu ohi zuenez, Ignazio Loiolakoaren biografia da -«Ignacio de Loyola, solo y a pie»-, gerora hizkuntza ugaritara itzuli izan dutena. Harro hitz egiten zuen berak ere obraren inguruan, «liburuak jende askori on» egin ziola nabarmenduta.

Aipatutako ekarpen guztiak aitortu nahi izan zituen Lekuona sariak, Eusko Ikaskuntzak euskal kulturaren alde urteetan lanik osoena (opera omnia) egin dutenei eskaini ohi dien aitormena. Saria eskuratu zuenean, hauxe aitortu zuen berak jendaurrean: «Ikerketak markatu du nire bizitzako ibilbidea 28 urte nituenetik». Ikerketa ez ezik, irakaskuntza ere izan zuen beti gogoko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo