Izotz hockeya
Hormadi Angelukoak Ligako finala jokatuko du
J.L. | DONOSTIA
Ez da ezusterik izan, eta Hormadi Angelukoak Superligako finala jokatuko du Puigcerdaren aurka. Euskaldunak eta kataluniarrak ziren Liga irabazteko faboritoak denboraldia hasi zenean, eta azkenik, biak izango dira aurrez aurre txapelaren lehian.
Hormadik finalerdietako bigarren partida ere irabazi du Bartzelonan 3 eta 5, eta finalerako bidea egin du. Lehen neurketa, Angelun, irabazi egin zuen, eta azkenean lehen helburua bete du. Hormadik aurten lehen aldiz hartu du Espainiako Ligan parte, eta irabazteko aukera ederra izango du. Joan den urtera arte Frantziako Ligan aritu dira, baina han izandako arazo batzuk zirela medio, Espainiakora aldatzea erabaki dute, eta oraingoz gustura eta pozik dabiltza.
Finalean, egungo txapelduna aurkituko dute, Puigcerda. Gironako taldeak aurrean Gasteiz izan du finalerdi hauetan. Bazegoen euskal final bat ikusteko aukera, baina azkenean ez da ezusterik gertatu. Kataluniarrek Gasteizko lehen partida irabazi egin zuten, eta bigarrenean ere ez dute hutsik egin. Sekulako astindua eman zieten arabarrei, 14 eta 4 hartu baitzituzten mendean. Gasteiz baja askorekin aritu zen, eta nabaritu zuten.