1 FORMULA Adierazpenak
Raikkonen: «Inoiz baino ziurrago sentitzen naiz»
1 Formulako zirkua datorren igandean jarriko da martxan, eta gidari nagusiek denboraldiari buruzko aurretiko gogoeta egiteko baliatu dute asteburua.
GARA| DONOSTIA
Asteburu honetan hasiko da 1 Formulako Munduko Txapelketa eta lehiaketako gidari nagusiek dagoeneko lehendabiziko lasterketa dute buruan. Hasiera horri begira, gidariek beren egoeraz hitz egin dute azken egunotan eta horietako zenbait bildu ditugu lerro hauetan.
Kimi Raikkonen da iazko txapelduna, eta aurten ere bera da titulua eskuratzeko faboritoa. Ferrari etxeko gidari finlandiarrak igandean Australian jokatuko den lehen Sari Nagusia irabazi nahi du eta oso baikor azaldu da bere azken adierazpenetan: «Inoiz ez dut denboraldi bat horren sentsazio onarekin hasi. Orain ongi ezagutzen dut taldea eta lan egiteko modua. Oso harreman ona egin dut taldeko ingeniariekin, elkar ongi ulertzen dugu eta beraiek badakite niri autoa zein puntutan gustatzen zaidan».
Finlandiarraren hitzetan, bere taldeak «lan asko egin du hobetu beharreko detaileak lantzen». Zehazki, biragune mantsoetan abiadura handitzea eta errepideko izkinak hobeto baliatzeko suspentsioa egokitzea izan dira Ferrariren bi erronkak.
Fernando Alonsok, bestetik, oso argi dauka aurten asko kostatuko zaiola azken urteetako emaitzak errepikatzea. Renaulteko gidariaren ustez, «denbora beharko dugu onenen parera iristeko», batez ere, «2007an pilatutako atzerapena ezin delako egun batetik bestera, negu bakarrean, gainditu». Hala ere, asturiarrak epe ertainean bere taldea onenekin lehiatzeko gai ikusten du: «Iraganean talde honek erakutsi du auto irabazle bat egiteko gai dela. Lanean jarraitu behar da besteekiko aldeak murrizteko».
Nelson Piquet gazte brasildarra izango da bere taldekidea. Egunotan aipatu duenez, hasteko gogotsu dago: «Entrenamenduetan gogor saiatu arren, lasterketa iritsi arte ez naiz benetako gidari sentituko». Onartu zuenez, Australiakoa «zirkuitu berria» da beretzat, baina ahalik eta azkarren ohitzea espero du. Bere helburua puntuetan sartzea omen da, nahiz eta «horretarako denbora bat» beharko duela sobera jakin.
Azkenik, Super Aguri taldeak aste honetan bertan baieztatu du ofizialki bere aurtengo bi gidariak Takuma Sato eta Anthony Davidson izango direla.