GARA > Idatzia > Kultura

Guztia prest martxoaren 21etik 24ra Lezon egingo den Gazte Topagunerako


GARA | LEZO

Martxoaren 21etik 24ra ospatuko da aurten Gazte Topagunea Lezon. Antolatzaileek esan dutenez, Gazte Topagunea «lau egunez independentzian eta Sozialismoan bizitzeko egunak dira, Euskal estatu sozialistaren irudikapen praktikoa, guk eraiki nahi dugun herri ereduaren agerpen praktikoa».

Topagunea «herri batek beharko lituzkeen» guneak kontuan hartuta eraiki dute; «hala nola, Herri gunea, Eskola gunea, Gaztetxea, Komunikazio gunea, Akeita, Kultur gunea eta nola ez, Musika gunea».

Deialdi guztietan egin ohi duten moduan, ahalik eta egitarau osatuena prestatzen saiatu dira aurtengo ere, beraz, kontzertuez gain, Graffitien, drogen edo AHTren inguruko tailerrak, bideo emanaldiak, hitzaldiak, jokoak eta beste hainbat ekintza ere antolatu dituzte.

Musika kontzertuak Gaztetxe eta Musika guneetan izango dira; lehenengoan ostiralean, 18.00etatik aurrera, Gu Ta Gutarrak taldea arituko da, larunbatean 18.00etan Gose, igandean 20.00etan Katamalo eta astelehenean 16.00etan Petti.

Musika guneari dagokionez, ostiralean, Latzen, Etsaiak, Amaiur, Edan, Xikinkei eta DJ Bull arituko dira. Larunbatean beste hauen txanda izango da: Ken7, Koma, Anestesia, Des-kontrol, Sorkun & Vice Presindentes, Dj Lpunto eta Etam.

Igandean, berriz, Hesian, Canteca de macao, Banda basotti, Esne beltza, Tximeleta, Desoreka eta Erdizka lauetan taldeek joko dute. Astelehenean, Zpeiz mukakiak arituko dira bazterrak alaitzen.

Aipatu beharrekoa da, Gazte Topagunearen kanpalekuan 8000 lagunentzako lekua izango dela. Han hainbat zerbitzu izango dira kanpatzaileentzat eskuragarri, hala nola iturriak eta komunak.

Ura, egunkaria, ogia eta esnea erosteko aukera ere izango da, egunero 9.00etatik 14.00etara kanpalekuan jarriko baitituzte salgai.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo