«Preso guztien eskubideen alde» jardunaldiak egin dituzte Arantzazun
Kristau elkarteek deituta, presoen senide eta lagunek jardunaldiak egin zituzten igandean Arantzazuko Santutegian. Parte hartzaileen artean adostutako testuan salatu zuten presoen egoera «gizartearen bidegabekeriaren adierazgarri» eta «interes politiko jakin batzuen mesedetan ari diren gobernu eta epaileen bidegabekeriaren erakusgarri» dela. Horregatik, preso guztien eskubideak «errespeta» daitezen lanean jarraituko dutela nabarmendu zuten.
GARA |
60 lagun baino gehiago elkartu ziren igandean Arantzazuko Santutegian Kristau Elkarteek deituta, «preso guztien eskubideen alde» antolaturiko jardunaldietan. Ekimenaren anto- latzaileek adierazi zutenez, jardunaldietan «aukera ederra» izan zen preso guztien -sozial zein politikoen, bazter kolektiboen, immigranteen, gazteen eta emakumeen- egoeraz sentsibilizatzeko eta konpromisoa berritzeko.
«Egunkaria»ren sumarioan auzipetuta dagoen Xabier Oleagak eta Bego Oleaga Salhaketako kideak ere hitzaldiak eskaini zituzten hainbat gairen inguruan.
Arantzazuko Santutegian bildutako presoen senide eta lagunek komunikatu bat ere adostu zuten, non «justiziaren aldeko konpromisoa» berresten zutela adierazi zuten.
Izan ere, beren aburuz, «handiagotuz doan preso kopuruaren, beraien sakabanaketaren eta gazteen, drogazaleen, etorkinen eta emakumeen espetxeratzeen aurrean, neurri horiek guztiak Euskal Herrian, Estatu espainiarrean eta Europan gure gizartearen bidegabekeriaren» adierazle dira.
Horren haritik, presoen espetxeetako egoera latzaren erakusgarri, «hiltzen direnen estatistika altuak, bakartze luzee- tarako zigorrak, polizia etxeetako tratu txar eta torturak, 18/98 sumariokoei eta euskal gazteen taldeei eta bazter kolektiboei ezarritako zigor bidegabeak» direla esan zuten, eta «interes politiko jakin batzuen mesedetan ari diren gobernu eta epaileen bidegabekeria» agerian uzten dutela salatu zuten.
Beren elkartasuna adierazi zuten oinarrizko eskubideak urratzen dituzten egoerak pairatzen dituztenekiko, horiei aurre egin diezaieten, eta, era berean, «justiziaren, amnistiaren eta bake prozesuaren aldeko konpromisoa» berretsi zuten.
«Bat egiten dugu, halaber, bai euskal presoek eta bai beste lurralde batzuetako presoek jasan behar duten sakabanaketa, bidegabea eta bere horretan eutsitakoa dela-eta, bidaia garesti eta neketsuak egitera behartutako presoen senide eta adiskideekin», adierazi zuten.
Arantzazuko jardunaldietan parte hartutako presoen senide eta lagunek orain arte bezala «laguntza» eskaintzen jarraituko dutela esan zuten, «preso guztiek tratu duina izan deza-ten eta legeria bete dadin, batez ere, jatorrizko lekuetatik hurbil dauden espetxeetara ekartzeari dagokionez».
Era berean, preso gaixo sen-daezinen eta zigorraren hiru laurdenak beterik dituztenen askatasuna eskatu zuten. Espetxera joan beharrik gabe zigorrak betetzeko bestelako bideak aurkitu beharraren premia ere aldarrikatu zuten, eta horregatik, «giza eskubide indibidual eta kolektiboak beraien eskakizun guztietan errespeta daitezen lanean jarraitzeko konpromisoa» berresten dutela esan zuten; batez ere, «baztertuak eta zapalduak direnengan, bi- de horretatik, justizian oinarritutako bakea lortzeko Euskal Herriarentzat».
Euskal preso politikoen eskubideen alde mobilizazioak egin ziren atzo Oiartzunen (40), Euban (6), Iurretan (55), Abadiñon (15), Laudion (38), Ataunen (25) eta Zaldibian (25). Erandion berriz, 22 pertsonek Jon Bilbao Mororen askatasuna eskatu zuten.
Araitz Zubimendi euskal preso politikoak atzo eguerdian berreskuratu zuen askatasuna 60.000 euroko bermea ordaindu ondoren. Arratsaldean ongi etorria egin zieten hernaniarrari eta Juan Mari Olanori -ostiralean utzi zuten aske, 30.000 euroko bermea ordaindu ostean- Hernanin dozenaka herritarrek.
2005eko urtarrilean Baionan atxilotu zuten Zubimendi eta Estatu espainiarrera bidali zuten euroagindua aplikatu ondoren «Jarrai-Haika-Segi sumarioan» auzipetuta zegoelako. Geroztik, kartzela ezberdinetan egon da preso. GARA