GARA > Idatzia > Pilota

Binakako Txapelketa

Egoera ezberdinean, baina laurek bizirik diraute oraindik

Olaizola II-Mendizabal II eta Titin-Laskurain bikoteek abantaila dute besteekiko, azken jardunaldian ez baitiete beste emaitzei begiratu behar sailkatzeko

p047_f01_199x136.jpg

Aritz SORZABAL | DONOSTIA

Binakakoa hasi zenetik hiru hilabete igaro eta 36 partida jokatu ondoren, kalkulagailua ateratzeko unea iritsi da. Batzuek besteek baino gehiago, baina finalerdietako ligaxkan ari diren lau bikoteek dituzte aukerak finalean sartzeko. Azken jardunaldian erabakiko da dena, datorren asteburuan, alegia.

Aimar Olaizolak eta Oier Mendizabalek abantaila dute besteekiko. Izan ere, haien partida irabazteko beharrik ez baitute finalean sartu ahal izateko. Donostiako Atano III pilotalekuan igandean jokatuko duten norgehiagokan, 6 tanto egitearekin nahikoa dute Titinen eta Aritz Laskurainen aurka.

Bikote honentzat ere, partidan lortzen duen emaitzaren esku dago sailkatzea. Halabeharrez irabazi beharra dute, eta aurkariek ezin diete 16 tanto baino gehiago egin. Sei tanto baino gutxiagoko aldearekin irabaziz gero, kanporatuak izan ez daitezen, Sebastien Gonzalezek eta Abel Barriolak galdu egin beharko lukete.

Lapurtarrak eta nafarrak larunbatean jokatuko dute, Iruñeko Labriten, hain zuzen ere. Oinatz Bengoetxearen eta Patxi Ruizen aurkako norgehiagoka irabazi beharko dute, eta Titinek eta Laskurainek 22-16 baino emaitza kaxkarragoa lor dezatela itxaron. Aimar Olaizolak eta Oier Mendizabalek 6 tantora iritsi ezean, garaipenak ere finalean sartuko lieke.

Kalkulagailuak aukera txiki bat emango die Oinatz Bengoetxeari eta Patxi Ruizi ere, baina Titinek eta Laskurainek galdu beharko lukete lehenik. Baldintza hori beteta, bikote nafarrak 22-12 emaitzarekin irabazi beharko liekete gutxienez Gonzalez eta Barriolari.

Olaizola II: «Partidarik onena»

Joan den asteburuko emaitzek goitik behera aldatu dute txapelketa. Gonzalez eta Barriola partida guztiak irabazita iritsi ziren larunbateko norgehiagokara -bederatzitik bederatzi-, baina 22-9ko emaitzaz galdu ostean, etorkizuna ez dute orain hain argi. Azkenean kanporatuta geratuz gero, Aimar Olaizolaren partida bikainaren erruz izango da.

Goizuetakoak erakustaldia egin zuen Donostian. «Txapelketa honetan eta azkenaldian egin dudan partidarik onena egin nuen, zalantzarik gabe. Ongi ikusi nuen neure burua, oso eroso kantxan, bi eskuetan txispa nuela», adierazi zuen atzo Euskadi Irratian. «Tantoak bukatzerako garaian, ia dena asmatzen nuen. Gainera, lagunak oso ondo lagundu zidan», erantsi zuen Goizuetakoak.

Euskadi Irratia Sarian puntuak ematen dituzten 19 kazetarien arabera, Asegarcekoa izan zen onena azken jardunaldian, 76 punturekin, Titinekin berdinduta. Sailkapen orokorrean, Goizuetakoa lehen postuan dago, 458 punturekin. Titin da bigarren, 436 punturekin.

22-16

Aimar Olaizola eta Oier Mendizabali 22-16 irabaziz gero, Titinek eta Laskurainek finalerako txartela lortuko lukete, beste partidei begiratu beharrik gabe.

22-6

Aimar Olaizolak eta Oier Mendizabalek nahikoa dute 6 tanto lortzearekin finalean egon ahal izateko. Ez dute zertan partida irabazteko beharrik sailkatzeko.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo