Kostunicak bere benetako aurpegia erakutsi du EBrekin zuen ituna bertan behera utziz
Historia garaikidean ugariak dira hasiera batean munduko indar nagusien lagun izan diren eta ondoren indar horien berberen etsai bihurtu diren pertsonaiak: Noriega, Bin Laden, Hussein... azkenak eta deigarrienak aipatzeagatik. Roosevelt AEBetako presidentearen esaera gogoangarriak («Somoza sasikumea da, baina gure sasikumea da») badu bigarren buelta, lagun maitea etsai amorratua bihurtzen denean, hain zuzen ere.
Horixe da Kostunicaren kasua. Serbiako Alderdi Erradikalaren garaipena saihesteko iaz Europar Batasuneko goi karguekin egindako ituna hautsi du orain, hauteskunde berriak bortxatuz.
Urte gutxitan Milosevicen aurka mendebaldeko indarrek erabili zuten aliatua izatetik hegemonista serbiar arriskutsua izatera igaro da. Igaro da? Ez jakina, beti izan da hegemonista arriskutsua. Famatuak dira -orain- AEBetako eta EBko ordezkarien kide zen garaian, serbiar agintariak Kosovoko albaniarren genozidioa egiten ari zirenean, fusil bat eskuan duela kosovarren aurkako grina adierazten duten argazkiak. Aipatutako guztien antzera, nazioarteko indar nagusiek bihurtu zuten «saindu» eta orain «deabru» deitzen dute.