GARA > Idatzia > Herri-kirolak

Aizkora Urrezko lehiaketa

Nazabal faborito dela, igandean hasiko da torneoa

Egun plazetan aritzen diren aizkolaririk gehienek izango dute tartea aurtengo txapelketan ere; parte hartuko ez dutenak ere izango dira, horien artean Miel Mindegia beteranoaren hutsunea nabarmenduko da

p050_f01.jpg

Jon LEUNDA | DONOSTIA

Binakako Urrezko Aizkora amaitu berria da eta orain bakarkakoaren txanda izango da, izan ere, igandean hasiko da Beran; amaitu berriz, ekainean amaituko da Azpeitian.

Gaur egungo aizkolaririk gehienak izango dira bertan lehian. Falta direnen artean, Miel Mindegia nabarmendu beharra dago. Ezkurrako aizkolari beteranoari belaunean ebakuntza egin zioten joan den urte amaieran, eta oraindik behar bezala ez dagoenez, parte ez hartzea erabaki du.

Maila nagusian, honako aizkolari hauek hartuko dute parte: Etxeberria, Eraso, Rodriguez I.a, Amillano, Zubiaga, Mujika, Patxi Mindegia, Aristegi, Mugertza III.a, Zubizarreta, Senosiain II.a, Esnaola, Etxebeste, Mendieta, Senosiain I.a, Kañamares, Elorriaga, Alkizalete I.a, Mugertza II.a, Barberena, Aierbe II.a, Ugarteburu, Atutxa II.a, Txapartegi, Vicente, Peñagarikano, Lasa, Lopez, Azurmendi, Rekondo, Arria V.a, Nazabal, Arrospide, Olasagasti eta Larretxea.

Mindegiaz gain beste hainbat ere ez dira lehiatuko; Unai Otañok ere ez du parte hartuko. Iaz lan ona egin zuen Ibarrakoak, baina orain zigortuta dago, eta ez du aritzerik izango. Joseba Otaegi ere ez da izango. Zizurkildarrak berak erabaki omen du ez parte hartzea, Egur Sport enpresak ezagutzera eman zuenez.

Batzuen faltan, berriak ere izaten dira, eta aurten, besteak beste, Zubizarreta, Eraso, Aristegi eta Alkizalete izango dira lehen aldiz txapelketa honetan. Aurten berriro itzuliko dena, Patxi Mindegia izango da, Mielen semea. Orain bi urte lan polita egin zuen, baina iaz ez zuen parte hartzerik izan, eta aurten berriro ere lehian ikusi ahal izango dugu.

Kanporaketak

Txapelketa kanporaketa eran jokatuko da final-laurdenak bitarte, han ligaxka jokatu beharko baita. Iazko sailkapenaren arabera antolatu dira kanporaketak, eta eskailera moduan egingo da, beraz iaz ongien aritu zirenak, apurka-apurka sartzen joango dira.

Kanporaketa hauetatik bi aizkolarik bakarrik lortuko dute final-laurdenetako ligaxkan sartzea. Izan ere, Nazabal, Arrospide, Olasagasti eta Larretxea zuzenean sailkatuta baitaude. Lehen biak multzo batean izango dira, eta azken biak, bestean. Lehen fasetik datozenek osatuko dituzte multzo hauek. Multzo bakoitza hiru aizkolarik osatuko du, eta lehenengo biek lortuko dute finalerdietarako txartela.

Finalaren atarikoan, lehen multzoko estreinakoa, bigarreneko bigarrenaren aurka neurtuko da, eta bigarren multzoko lehen sailkatua lehen multzoko bigarrenaren aurka. Gurutzatu egingo dira, beraz.

Bi kanporaketa hauetako irabazleak neurtuko dira ekainaren hasieran Azpeitian, eta orduan jakingo da nork eskuratuko duen txapela.

Lehiaketa, datorren igandean bertan abiatuko da, eta Berak hartuko ditu estreinako kanporaketak; hiru neurketa izango dira bertan. Felix Etxeberria eta Eraso lehiatuko dira alde batetik. Rodriguez I.ak eta Amillanok ere neurtuko dituzte indarrak, eta hirugarrenik Patxi Mindegiak eta Ariztegik.

Lanak, orain arte egin diren modukoak izango dira. Lan ezberdinak egin beharko dituzte, eta denak denbora tarterik laburrenean bukatzen dituenak irabaziko du. Faboritoak aipatzean, denen ahotan Floren Nazabalen izena agertzen da. Hala ere, Donato Larretxea, Joxemari Olasagasti eta Anjel Arrospide ere oso kontuan hartu beharrekoak dira, ez baitabiltza batere gaizki.

lanak

Urrezko Aizkora azkenengo urte hauetan egin den moduan egingo da aurtengo lehiaketa ere. Ekinaldi bakoitzean kirolariek hainbat lan izango dituzte, eta guztien denborak hartuko dira kontuan.

Kanporaketak

Kanporaketak izango dira final-laurdenak bitarte. Han bi multzotan banatuko dira, bakoitzean sei aizkolari, eta ligaxka jokatuko dute. Bakoitzeko lehendabiziko biak sartuko dira finalerdietan.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo