GARA > Idatzia > Euskal Herria

Kontsumitzaileen hizkuntza eskubideak bermatzeko arau egokia eskatu du Kontseiluak

EAEko Kontsumitzaileen Eskubideen Dekretu proiektua dagoen horretan onartzen bada, helegitea jartzea erabaki lezake Kontseiluak. Alderdi positiboak bai, baina zuzendu beharreko arlo asko atzeman ditu.

p025_f02.jpg

GARA |

Datorren larunbatean Kontsumitzaileen Nazioarteko Eguna izanik, Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseiluak kontsumitzaile eta erabiltzaile euskaldunen hizkuntza eskubideen bermeari erreparatu dio.

EAEko Kontsumitzaileen Eskubideen Dekretu proiektuan, gauza positiboak bai, baina zuzendu beharrekoak ere topatu ditu, unibertsalak diren hizkuntza eskubideak urratzeko aukera ematen dutenak. Beraz, bere horretan onartzen bada, helegitea jartzeko aukerak aztertzen ari direla ohartarazi dute.

Kontseiluko ordezkariek begi onez hartu dute hizkuntza eskubideak babestuko dituen dekretu bat sortzea, gisa horretako arauak «beharrezkoak ez ezik, ezinbestekoak» baitira haien ustez.

Egoki jotzen dute, halaber, araua ez betetzeak ondorioak izatea, eta hala adierazi dute: «18. artikuluak aurreikusten du dekretua betetzen ez bada ondorioak izango direla; hala eta guztiz ere, ez du zigorrik ezartzen hizkuntza eskubideak urratzeagatik».

Egokitzapen-epeak aurreikustea ere ontzat jo du Kontseiluak, baina arautu gabeko sektore handia kanpo geratzen dela kritikatu dute «sektore jakin batzuetan ari delako, tamaina jakin bateko enpresak bakarrik hartzen dituelako».

Badira, ordea, dekretu proiektuan zuzendu beharreko arloak Kontseiluko kideen esanetan, eta, besteren artean, arauok hizkuntza komunitateak presentzia duen gune administratibo guztietan aplikatzea eskatu dute, «lurraldearen zonifikazioaren alde» egin gabe.

Kontseiluaren iritziz, enpresen tamainak ez du eskubidea bermatzeko unean muga izan behar, «dekretuak enpresa guztiei, merkataritzakoei barne, eragin beharko lieke», eta gaineratu dutenez, egokitzeko zailtasun gehiago dituztenek laguntza handiagoa jaso beharko lukete dagozkien helburuetara iristeko.

Arlo guztiak ukitu

Enpresa guztietan ez ezik, euskaldunon hizkuntza eskubideak jardun ekonomiko guztietan bermatu behar dira Kontseiluaren ustez. «Dekretu-proposamen hau nagusiki garraioaz, telefonia enpresez, energia hornitzaileez eta salgune handiez ari da, gainerakoak kanpoan utzita». Baina Kontseiluaren ustez, gai arriskutsuei arreta berezia eskaini behar zaie: «Lehentasun berezia eskaini behar zaie gai arriskutsuei eta botikei herritarrengan izan dezaketen eragina dela eta». Alde horretatik, etiketen gai guztiak dekretutik kanpo utzi izana salatu dute, eta euskaraz etiketatzeko araua Euskal Herrian salerosten diren produktu eta zerbitzu guztiei aplikatu behar zaiela ohartarazi dute.

Arauak progresiboa izan behar duela uste du Kontseiluak. «Enpresak egokitzeko epea beharrezkoa da, ez dugu inoiz kritikatuko ezarritako epea luzea izatea, bai, ordea, eperik gabe aritzea, horrela ez baita ziurtatzen aurrera egingo duenik».

aurretik

Aurretik ere kontsumitzaileen hizkuntza eskubideen arloan mintzatu izan dela nabarmendu zuen Kontseiluak eta, zehazki, joan den urtean plazaratutako txostena ekarri zuen gogora.

bai euskarari

Kontseiluak gogorarazi zuen Bai Euskarari ziurtagiriaren bidez, 1.530 entitatek baino gehiagok hasiera eman diotela bezeroaren hizkuntza eskubideak bermatzeko bideari.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo