Daniel Dergi aske geldituko da etzi, baina ezin izango du Euskal Herrira itzuli
GARA |
Daniel Dergi aske geldituko da etzi, itxura guztien arabera, 12 urte espetxean igaro ondoren. Hazparneko bizilagun honek joan den urtarrilaren 21ean izan zuen bere defentsak galdegin-dako baldintzapeko askatasuna aztertzeko auzia Pariseko Auzitegian, eta Askatasunak iragarri duenez, eskaria onartu, eta datorren martxoaren 14an kaleratuko dute gatibu duten Clairvaux-eko presondegitik. Fiskal- tzak ordea, ebazpenari helegitea ezarri dio aste honetan bertan.
EPPK-ko mintzaidetzako kidea den Dergik ezin izango du, ordea, Euskal Herrira itzuli, zenbait departamentuetan sartzeko debekua baitu; besteak beste, Pirinio Atlantikoetakoan. Askatasunak azaldu bezala, Dergik Haute-Marne departamenduko Dizier herrian aurkitu du lana eta aurrerantzean bertan biziko da.
Bestalde, ezarritako zigorra osotasunean bete ostean, azken asteetan beste bi presori luzatu diete zigorra, Auzitegi Goren espainoleko 197/2006 doktrina ezarriz. Ander Mitxelena errenteriarra da horietako bat; 2001. urtetik hona kalean da, baldintzapeko askatasunean. Otsailean amaitu zuen zigorra Kode Penal zaharraren arabera; orain ordea, 2014ra arte luzatu diote. Elorrioko Felix Zabarte da otsailean Auzitegi Goreneko doktrina ezarri dioten beste presoa.
Askatasunak jakinarazi duenaren arabera, Mikel Gil preso iruindarrari Zuerako espetxetik Iruñekora lekualdatzeko eskariari ezezkoa eman diote. Gilek arazo psikologikoak ditu eta arazo horiei jarraipen egokia egiteko eta belauneko ebakuntza bat egiteko, Iruñera lekualdatzeko eskaria egin zuen bere abokatuak.
Azkenik, helarazi duten informazioaren arabera, Ibon Arbuluk bost eguneko gose greba egin zuen, ziegan preso sozial betekin jar ez zezaten. Larunbatean amaitu zuen gose greba, Dueñaseko presondegira eraman zutenean.
Otsailean hainbat presoren norakoak aldatu dituztela ere adierazi du Askatasunak. Horien artean, Juan Joxe Petrikorena, Soto del Realetik Curtisera eraman dute, eta Sonia Marin, Langraizetik Dueñasera. Mikel Ibañez elgoibartarraren estradizioa ere otsailean gertatu dela gogora ekarri du.
Informazioa eta salaketa
Informazioa helarazteaz harago, Askatasunak presoek bizi duten egoera «larria» salatu nahi izan du beste behin ere; haren esanetan, «Guantanamoren neurriko» espetxeak dira Estatu espainolekoak eta frantsesekoak. Era berean, euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dio euskal gizarteari, espetxe politikaren «krudelkeria» behin betiko desagertu dadin presio soziala indartzeari ezinbesteko baiteritzo.