GARA > Idatzia > Kultura

«Emakumeak izarapean» obrak irabazi du Donostiako Antzerki Saria

«Nahiago nuke sari hau eman beharrik ez balute, euskarazko antzerkiaren osasun onaren seinale litzateke-eta». «Emakumeak izarapean» lanaren zuzendari Mireia Gabilondoren hitzak dira, baina, oraingoz, halako sariak beharrezkoak dira euskarazko antzezlanak taula gainera eramateko. Tanttakakoek behintzat, jasoko dituzten 10.000 euroak horretara bideratuko dituzte. Jada apirilean eta maiatzean aurkeztuko dituzten beste bi lan ia-ia prest dituzte.

p060_f01_.jpg

Rebeka CALVO | DONOSTIA

Ez da erraza izan. 2001etik hona Donostiako Udalak antolatzen duen Donostia Antzerki Sariaren aurtengo edizioan, zazpigarrena dagoeneko, zazpi antzerki lanen artean aukeratu behar izan dute, guztiak euskaraz idatziak eta ikusle helduei zuzenduak; Kanpingagsen «Lapur zuloa» eta «Hor al zaude?», Tarteanen «Ezin dut egia esan», Fran Lasuenen «Ipuin iberiarrak», Chimeres-Poken «Amamaren memoria», Pikorren «Jokoaut» eta Tanttakaren «Emakumeak izarapean».

Azken honek, hots, Mireia Gabilondok eta Lurdes Bañuelosek idatzitako «Emakumeak izarapean»lanak, irabazi ditu, azkenik, 10.000 euroak eta Iñaki Olazabal Andoaingo eskultoreak egindako «Ikuslea» eskultura.

«Sari onenetarikoa»

Obraren zuzendaria, Mireia Gabilondo, hurreratu zen atzo irabazlea argitzeko egindako prentsaurrekora Iñaki Olazabalrekin, Ainhoa Beola, Donostiako Udaleko Hizkuntza Normalizazio, Berdintasun eta Lankidetzako zinegotzi ordezkariarekin, eta Ramon Etxezarreta Udaleko Kultura ordezkariarekin batera.

Zuzendariak saria «oraingo onenetarikoa» dela esan zuen: «batetik, artea jasotzen dugulako, Iñakik egindako obra hau, bestetik, beste antzezlan bat egiteko dirua ere jasotzen dugulako, eta azkenik, beste emanaldi bat egiteko aukera ere ematen digulako». Izan ere, saria, ofizialki, martxoaren 27an jasoko dute, Antzerkiaren Nazioarteko egunean, Victoria Eugenian egingo den ekitaldian eta lana berriz ere antzeztuko dute.

«Emakumeak izarapean»antzezlanaren inguruan, Gabilondok esan zuen, duela lauzpabost urte idatzi zuela Bañuelosekin batera. «Gordeta» eduki ostean, iaz hasi ziren antzezten, eta lehen emanaldia Eibarko Antzerki Topaketetan eskaini zuten. Jada 40 bat ikuskizun egin dituzte; 10 bat Estatu espainiarrean zehar eta Euskal Herrian gainontzekoak. Lanak «sexuari buruz hitz egiten du emakumezkoen ahotsa erabiliaz». Baina, zuzendariak adierazi duenez, sexua aitzakia besterik ez da: «Sexua ardatz hartuta beste kontu batzuen gainean hitz egiten dugu. Metafora moduko bat da beste gai batzuez hitz egiteko». «Nahiago nuke sari hau eman beharrik izango ez balute, euskarazko antzerkiaren osasun onaren seinale litzateke-eta. Sariak garrantzitsuak dira, baina ez dira ezinbestekoak, hala ere. Saririk gabe ere, lanean jarraituko genuke», gaineratu zuen.

Iñaki Olazabal eskultoreak adierazi zuenez, «antzerkia, zera da: jendearekin kontaktu zuzena», eta gaineratu zuen horrexek bultzatu zuela eskultura egitera. «Ikuslea da benetako epailea», gaineratu zuen.

EMANALDIAK

Iaz, Donostian, euskaraz idatzitako eta helduei zuzendutako zazpi antzezlan eskaini zituzten: Guztira, 18 emanaldi eta 3.400 bat ikusle joan ziren antzerki lanak ikustera. Udalaren hitzetan, datu horiek erakusten dute Donostiak baduela antzerki programazio «egonkor» bat.

Antzerkiaren Nazioarteko egunean jasoko dute saria

Tanttaka konpainiak datorren martxoaren 27an, hau da, Antzerkiaren Nazioarteko egunean, jasoko du VIII. Donostia Antzerki Saria. Ekitaldi berezia izango dela adierazi zuten Donostiako Udaleko Ainhoa Beolak eta Ramon Etxezarretak, eta argitu zuten ekitaldiak bi zati izango dituela: batetik, Fernando Bernuesek zuzendutako ikuskizun bat eskainiko dute, eta bestetik, «Emakumeak Izarapean» antzezlana ikusi ahalko da.

Aurtengoan, iaz bezala, ekitaldia Victoria Eugenian izango da. 20.00etan hasiko da eta gonbidapena izatea ezinbestekoa da. Bigarren aldia izango da aurtengoa, euskarazko antzerki lan bat Victoria Eugeniaren mailako «aparteko» antzoki batean eskaintzen dutena, eta, bai Tanttakakoek, baita Donostiako Udalekoek ere «harro» daudela adierazi zuten. Euskarazko obra bat Victoria Eugenian antzezteko ardura izan zuten lehenengoak Txalo konpainiakoak izan ziren, iaz beraiek irabazi baitzuten Donostia Antzerki Saria «Artea» izeneko antzerki lanarekin. R.C.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo