GARA > Idatzia > Ikusmira

Berrueta, hango eta hemengo gezurraren biktima

Atzo lau urte bete ziren Madrilen Europako inoizko atentaturik handiena egin zutenetik. Haren eragilea argi samar zegoen hasieratik, eta argiago utzi zuen Arnaldo Otegik goizeko lehen orduetan. Madrilgo Parlamenturako hauteskundeetarako hiru egun baino ez ziren falta, ordea, eta gezurra ezinbestekoa zuen Gobernu espainolak; hartara, ebidentzia guztiei muzin eginda, ETAren egiletza sinestezina aldarrikatu zuen. Giro nahasi hartan bi egun geroago, martxoaren 13an, hain zuzen, polizia espainiar batek eta haren semeak Angel Berrueta okina hil zuten, bere dendan ETAri atentatua egozten zion kartel bat jarri nahi izan ez zuelako. Biharamunean, hilketa hura salatzeko protestan, Kontxi Sanchiz hil zen Hernanin.

Angel Berrueta, hala ere, ez da terrorismoaren biktima ofiziala. Polizia eta haren semea epaitu zituzten, baina hilketak ez omen zuen eragile politikorik, auzokideen arteko liskar baten ondorio izan zen epaiaren arabera, agerikoa zena ukatuta. Erantzukizuna, ostera, ez da zigortutako poliziarena soilik. Egun haietan bere ardurarik handiena gezurrak iraunaraztea izan zuen gobernua eta sostengatzen zuen alderdia ere erantzule zuzenak dira. Eta ez da erraz ahaztekoa Euskal Herrian ere izan zela gezur hura elikatu zuenik: Lakuako arduradun nagusia eta zenbait alderdi politiko, batzuk Madrilgo politikariak baino lehen, gezurraren sustatzaile izan baitziren.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo