GARA > Idatzia > Ekonomia

Osakidetzak mahai sektorialera deitu ditu sindikatuak gaur Gasteizen

Osakidetzak mahai sektoriala deitu du. Sindikatuen batasuna hautsi ostean, ahalik eta adostasunik handiena lortu nahi duela adierazi du. «Langileria osoarentzako akordio orokorra» eta «kalitatezko osasun publikoa bermatuko duena» nahi dutela esan dute ELAk, LABek, UGT-k eta ESK-k.

GARA |

Osakidetzaren zuzendaritza eta sindikatuak biltzen dituen mahai sektoriala deitu du Lakuako Osasun Sailak gaur arratsalderako Gasteizko egoitzan. Hamaikagarren batzarra da gaurkoa, hiru grebaren ostean, eta ELA, LAB, UGT eta ESK sindikatuen batasun sindikala izango dute parez pare berriro ere EAEko Osasun Saileko arduradunek.

SATSE-k (erizainak), UTESE -k (teknikariak), SAE-k (erizain laguntzaileak) eta CCOO-k batasun sindikal horretatik alde egin eta Osakidetzaren proposamena onartu dute.

Hala eta guztiz ere, ELA, LAB, UGT eta ESK sindikatuek egungo egoera aztertzeko batzarra egin dute gaur, eta «kalitatezko osasun sistema publikoa bermatzen duen langile guztientzako akordioa» lortu arte, mobilizazioak egiten jarraituko dutela jakinarazi dute.

«Osakidetzako langileria osoaren lan baldintzak defendatzen ditugun sindikatuok orain arte egin dugun balorazio bera egiten dugu: langileria osoarentzako diskriminatzaileak eta eskasak diren edukiak proposatzen jarraitzen du Osakidetzak», adierazi zuten atzo ohar baten bidez.

Lakuako agintariek darabilten negoziazio kolektiboaren eredua ere salatu zuten, «une oro desmobilizazioa eta sindikatuen zatiketa» bilatu baitu, «sektoreak dituen aldarrikapen orokorrak alde batera utzita».

Testuinguru horretan kokatzen dute «sindikatu korporatibo»en jokaera, «oinarrizko arau demokratikoak errespetatzen ez dituen Administrazioarekiko konplizitatea» azaldu dutela esanez. Zentral horiek beren kategorien arabera eskainitako eduki espezifikoak onartu dituztela eta mobilizatu diren langileekin ez dutela leial jokatu adierazi dute.

Mobilizatzeko prest

Langileria osoarentzako akordio orokorra lortu arte mobilizatzen jarraituko dutela esan dute ELAk, LABek, UGTk eta ESK-k, eta jokoan dagoena kalitatezko osasun sistema publikoaren etorkizuna ere badela nabarmendu dute.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo