GARA > Idatzia > Eskubaloia

Asobal Liga

Portlandek hirugarren postua lotu beharra du Antequeran

Cabanasenek Txapeldunen Ligako azken jardunaldi oparoa ahaztu behar dute. JD Arratek, berriz, seigarren postua du helburu Valladolidera egingo duen bisitan.

Arnaitz GORRITI | IRUÑEA

Croatia Zagreben aurkako neurketa arrakastatsuaren ostean, moralki ederki daude Portlan San Antonioko jokalari zein teknikariak. Alabaina, eskubaloi denboraldiak ez du euforia larregitarako astirik uzten; izan ere, astelehenean Ademar Leónek ezustean Bartzelonari irabazi ostean, Europarako bidea zabaltzen duen hirugarren postua arriskuan dakusa Javier Cabanasek zuzendu taldeak.

Gaur gaueko aurkaria ez da nolanahikoa, ordea. Antequeran jokatzen dute nafarrek bertoko taldearen aurka, gaueko 20.45etatik aurrera. BM antequerak azkenengo bi neurketak irabazi ditu eta sailkapen nagusian zortzigarren postura igo da. Horiek hala, hobe dute iruindarrek larregi fidatzen ez badira. Aurreneko itzulian, esaterako, Iruñean irabazteko gai izan ziren, 28-29ko emaitzaz. Hala ere, egia da nafarren jokoa asko hobetu dela bigarren itzulian.

Tenore honetan mintzo zen astelehenean Kristian Kjelling, Portland San Antonioko ezker laterala. «Zagreben aurka gure helburua beteta pozarren gaude, baina egutegi hau hain da gogorra, non Txapeldunen Ligan egindakoaz ahaztea besterik ezin dezakegu egin».

«Antequera ez da Flensburg ezta Zagreb ere, eta gure motibazioa ez da hain handia izango, baina errespetoa merezi du, are gehiago bere kantxan irabazteko hain talde zaila dela kontuan hartuta. Gainera, hirugarren postura iristea asko kosta zaigu eta ez dugu orain nolanahi bertan behera lagako», adierazi zuen jaurtitzaile daniarrak.

Errespetoz mintzatu zen Kjelling eta iruindarrek nozi dezaketen nekea ere kontuan hartu zuen gaurko partidaren aurrekoa egiterakoan.

«Ia ez dugu partida hau prestatzeko denborarik izan eta gure nekeak beraien alde egingo du. Dena dela, dakigun bezala jokatuz gero, ziur nago irabaziko dugula. Hori bai, hasieratik oso gogor eta kontzentratuta jokatu beharko dugu», esan zuen.

Partida honetarako Davor Dominikovic baja izango da. Gripeak eta giharretako arazoek jokatu ezinik laga dute kroaziarra. Bestetik, Ratko Nikolic, Tomas Svensson eta Javier Ortigosak arazo fisikoekin amaitu zuten Croatia Zagreben aurkako partida, baina Cabanasek erabili ahal izango ditu behar izanez gero.

Arrate seigarren tokira begira

Bere aldetik, JD arratek Valladoliden jokatuko du gaueko 20.45etatik aurrera. Viktor debreren mutilei asko kosta zitzaien bigarren itzulian garaipena lortzea, baina Teucro eta Algecirasi gailendu ostean martxa hartu dute itxura denez. Nahiz eta Puzelako taldearen kantxan bertan jokatu beharra izan, eibartarrek Juan Carlos Pastorrek zuzentzen duen taldea menpean hartu eta Asobal Ligako seigarren postua dute helburu.

«Seigarren postura igotzeko aukera izate hutsa bada nahikoa sari guretzat», aitortu zuen gipuzkoarren entrenatzaile Viktor Debrek. «Valladoliden jokatzea beti da gustagarri: giro aparta egon ohi da eta jendeak asko sakatzen du», adierazi zuen atzo teknikari hungariarrak.

Faborito behar dute berez gaztelarrek, baina JD Arratek 30-29 irabazi zion Valladolidi aurreneko itzulian eta, ondorioz, beste behin sorpresa emateko moduan izango dira eibartarrak.

«Alai eta zeozer aterako dugula komentziturik jokatu behar dugu», esan zuen Debrek. «Beraiek, berriz, Pontevedran egin zuten hutsegitea ez errepikatzeko presioa izango dute, posturen bat edo beste galduko luketelako bestela».

Taldea nahiko osorik dauka Debrek, nahiz eta azken partidan Sergio Beriosek bizkarren arazoak izan. Eibartarren teknikariaren aburuz, «partidarako gertu egongo da». Bestetik, Iñigo Salaberria hegalekoa prest egongo da, Algecirasen aurka jokatu gabe geratu ondoren.

Nekea eta motibazioa

Zagreben aurka egindako ahalegina ordain lezake Portland San Antoniok BM Antequeraren aurrean, eta motibazio eskasagoa izango ei dute jokalariek. Dena den, hirugarren postua jokoan izanda, gogoz aterako dira Cabanasenak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo