Zatika, Euskal Herriaren pitxer hautsia osatzen saiatu da Joxe Austin Arrieta
Arnasa luzeko idazlea da Joxe Austin Arrieta, poesia, itzulpena eta narratiba tartekatu ohi dituena. Narratibari dagokionez, bere azken lana, orain arte, «Labur aroz» zen, 1997koa. Beraz, alor horri berriz ere heltzeko unea zela erabakita, aspaldi hasi zen atzo plazaratu zuen «Terra Sigillata» idazten. Bertan, azken berrogei urteotako balantze modukoa egin du. Nobela da, nahiz eta oraingoan ere donostiarrak generoaren konbentziorik gehiegi ez errespetatu.
Martin ANSO | DONOSTIA
Terra sigillata zeramika erromatar arrunta da, gorri kolore distiratsukoa, enperadorearen zigilua eraman ohi zuena. Horren puskak sarri agertzen dira indusketa arkeologikoetan. Elkarren artean nola edo hala itsatsi eta jatorriz osatzen zuten «pitxerra» berreraikitzea izaten da askotan arkeologoen erronka. Joxe Austin Arrietaren ustez, pertsona guztiak, idatzi ala ez idatzi, errealitatearen eta oroimenaren zatiak elkarren artean itsasten saiatzen dira, terra sigillata zatiak balira bezala, jatorrizko pitxerra nola edo hala berrosatzeko. Plazaratu berri duen nobela donostiarrak alor horretan egin duen ahaleginaren ondorio edo, hobe esan, egin dituen hainbat ahaleginen on- dorio da. «Saiakera baita liburu hau -esan zuen atzo aurkezpen ekitaldian-, saiakera zentzurik prosaikoenean, arruntenean, esanda: hainbat saio hutseginen segida, halako batean nolabait orekatzen dena, trinkotzen dena, esangura erdiesten duena, esangura hori dardarti eta kolokaria bada ere».
Hitzaz Mendikoak, lanean
Hamaika ahalegin eginda ere, Arrietak erdietsitako esangurak derrigorrean «dardarti eta kolokaria» behar zuen, nobelaren bidez berrosatu nahi duen «pitxerra» Euskal Herria bera delako. «Ez dakit makrosinbolismo pretentziosoegia ote den, baina nik horrela sentitzen dut. Nolabait, nire bizitzaren eta gu guztion azken berrogei urteotako historiaren gaineko gogoeta bat da `Terra Sigillata', edo, hobe esan, mila gogoeta. Sintesi edo balantze adinean ere bagara -jarraitu zuen-, eta liburu hau, poetikoki eta filosofikoki, horixe da, nahiz eta denok jakin balantzeak, epaileak azken kanpaikada jo arte, behin-behinekoak direla».
Sintesia helburu, Hitzaz Mendi elkarteko kideak lanean jarri ditu Arrietak. Hor aritu dira, literatur tailer antzeko batean, Xabier Landaluze, Jagoba Antxustegi, Mikel Zabalegi eta beste hainbat, den-denak idazle donostiarraren «ni-kiak» edo alter egoak. Liburuaren lehen ataletan, bakoitzak bere ideiak botatzen ditu, askotan, espero zitekeen bezala, elkarren artean koherentziarik ez dutenak. «Irakurlea ere konturatuko da hor badela zerbait funtzionatzen ez duena», aitortu zuen egileak, baina pixkanaka-pixkanaka, terra sigillata puskak elkarren artean lotzen -edo «loctitetzen»- joango dira. «Beharbada, irakurleak hasierako anabasa eta ahots baso durunditsua zeharkatzen badu, beharbada, diot, aurkituko du, tarteka bada ere, ordoki edo mendi-mazela egokiren bat, pentsamendu edo sentimendu edo gogoeta interesgarriren bat edo beste», esan zuen.
Arrietaren ustez, liburu guztiak dira «politikoak», aldez edo moldez, eta «Terra Sigillata» «liburu politiko ere bada», eta esplizituki, gainera. Baina hori, «parte inportantea izanik ere, parte bat baino ez da, liburuak geruza asko dituelako». Hala ere, ez du inor «engainatu» nahi, eta horregatik atzo, «barruak eskatuta», honako abisua eman zuen: «Balizko irakurle estimatu eta errespetatu horri, ezker abertzalea -ezker abertzale konbentzionala, bien entendu- gorrotatzen baduzu -eta ez naiz ni nor, noski, gorrotatzeko izan ditzakezun arrazoiak orain zurekin hika-mikatzen hasteko-, mesedez, etzazula liburu hau irakurri. Gure gauzak dira-eta. Minory Reporteko jendearenak. Ez omen gara euskaldunak, basapiztiak baizik, badakizu. Hala ere, irakurri nahi baduzu, mila esker: agian, `amildegia gero eta sakonagoa, distantzia gero eta infinituagoa eta haserrearen erraietatik irteten den mespretxua gero eta ozenagoa' baldin bada ere, agian -diot-, egin genezake noiznahi, lehenbailehen, bihar bertan, Getarian Ketariren bat, ezta?». «Getarian Ketari» liburuaren pasarte bat da, non «bi aldeetako sufrimendua» aintzat hartzen den.
«Odolaren mintzoak»
Liburua, jaio aurretik ere, zaharkitua gelditu ote den duda egin zuen Arrietak, baina, ondoren esan zuenaren arabera, garbi dago gaurkotasun osokoa dela. «Beti konplitzen da gure `Terra Sigillata'n Murphyren lege madarikatua; iaz baino, liburu hau idatzi zenean baino, `Terra Sigillata'go gaude, elkar-gorrotoaren betiereko kondenapera kondenatuak. Eta inoiz baino ziz- kolatsuago durundiatzen du gure burmuinean lelo mingotsak. Hain zizkolatsuki, non ia itzali ere egiten baititu beste oihuak, oinaze gorenaren leotzetatik jaulkitzen diren oihuak, Europa osoko torturatu eta presorik gehien dituen gure `Terra Sigillata'ko honetakoak».
Liburuan, baina, «alde bietako odolaren mintzoak» aditzen direla ohartarazi zuen. «Ez naiz, nik uste, pertsona bereziki harroa, baina horretaz harro nago. Ez diot inoiz uko egin errealitateari ahal izan dudan toki guztietatik begiratzeari. Agian ikasiko dugu noizbait hain ongi konjugatzen dugun `gorroto' aditzaren ordez beste bat ahoskatzen, adoskatzen».
Nolanahi ere, ez omen da hau «eraukitzeko (errenditzeko) tenorea, baizik eta jalgitzekoa eta jaulkitzekoa» (narratzekoa, Arrietak aditz horri eman zion adieraren arabera).
Fito Rodriguezek egin zituen atzo aurkezlearenak. «Abuztuaren 15eko bazkalondoa» gogoangarri hartatik, Arrieta bere literatur konpromisoari leial izan zaiola nabarmendu, eta, alde horretatik, «`Terra Sigillata' edozein idazlek idatzi nahiko lukeen liburua» dela esan zuen. Mikel Soto Txalapartako editorearen lana ere espresuki eskertu nahi izan zuen, «literatur merkatua dagoen bezala egonda, ohiko standarretatik zeharo urruntzen den liburu bat argitaratzera ausartu delako».
«Terra sigillata»ren metafora erromatarren mundutik hartutakoa da. Iturri beretik edanda, Arrietaren nobela berrian hiru espazio bereizten dira: (A)Saltus Vasconum, (Des)Ager Vasconum eta (A)Mare Vasconum.