GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

KRONIKA Enbatak Euskal Herriko kostaldea astindu du

Haizearen eta itsasoaren haserreak kalte material handiak eragin ditu

onostiako portuko 50 txalupa hondoratuta; autoak, lokalak eta etxebizitzak kaltetuta; eserlekuak, telefono kabinak, postontziak eta paperontziak hondatuta. Ekaitzak bereziki kaltetu zuen Gipuzkoako hiriburua, eta kostaldeko beste herri askotan ere eragin zituen txikizioak. D

p014_f02.jpg

Maider IANTZI

Eguna argitu baino lehen Donostiako kaian zeuden atzo Isturiz anaiak. 18 metroko itsasontzi bat dute, eta goizeko bostetarako joan ziren portura hura zaintzera. Zortea izan zuten, txalupak ez baitzuen kalterik izan. Itsasoak, baina, indar izugarria duela erakutsi zuen. 7.15ean olatu batek lehenbiziko kai muturra gainditu zuen eta 50 ontzi txiki hondoratu zituen. Gainera, amarratzerik gabe utzi zituen hainbat arrantzale. Han aritu ziren Isturiz anaiak jo eta ke txalupak lotzen, beste langile ugarirekin batera. «Ekaitzak gogor astindu gaitu, marea biziekin batera etorri da, eta horrek eragina izan du», azaldu zioten GARAri. «Olatuak itsas hesitik hiru metrora goititzen ziren. Benetan ikusgarria izan da. Begira, estolden estalkiak falta dira, itsasoak eraman egin ditu».

«Hondamen ugari eragin du, bai», sartu zen Josean Perez, Fany II txaluparen jabea, elkarrizketan. « Orain dela hilabete batzuk ere jasan genuen horrelako zerbait, baina ez zen hain gogorra izan. Oraingoak irlako ostatua ere hondatu du». Fany II-a ere onik atera zen, ongi babestutako gunean zegoelako. «Gurutze Gorriko ontziak kaiaren sarreran egon ohi dira lotuta, baina horiek ere hona ekarri dituzte, hobeto babestutako tokira, itsasoaren egoera dela-eta», kontatu zigun.

Portutik Antiguarako bidean, Kontxako pasealeku luzean hamaika kamera zegoen irudiak hartzen, eta hamaika herritar gertatutakoaz zerbait jakiteko irrikan. Ez zen gutxiagorako. Zirrara eragiten zuen txikizioak: kaiko oholak altxatuta, hain ezagunak diren barandak hautsita, Pasealeku Berria eta kai muturra itxita...

Club Nautico-ko langileak ponpekin ura ateratzen ikusi genituen. Oraindik kalteak baloratzen ari zirela jakinarazi zigun Martak, goiz erdira arte argirik gabe egon zirelako. Halere, itsasoaren ondo-ondoan egonik, ekaitzaren biktimetako batzuk izan zirela argi zegoen. Horren erakusgarri zen puskatutako branka.

Club Atletico-ko piraguazaleak ere lan eta lan ari ziren. Olatuek eta haizeak zer kalte eragin zizkieten galdetuta, dena hondatu zietela baieztatu zuten: makinak, piraguak, gimnasioko material guztia, tabernako kristala... «7.00etan atezaina etorri da eta dena ikusi du. 8.00etatik hemen gabiltza piraguak ateratzen, zaborra botatzen...», adierazi zigun Jon Erguinek. Arra- tsaldean marea igoko zela-eta beldur ziren eta egur batzuk jartzen ari ziren sarrera babesteko.

La Perlako talasoterapia zirkuitua, gimnasioa eta osasun eta estetika zentroak itxita zeuden, eta langileek kalteak konpontzen ziharduten. La Rotonda diskoteka ere gogor astindu zuen itsasoak: kristalak hautsi zituen, markoak, bulegoko material guztia, soinu sistema, argiak, musika ekipoa, kamarak... 6.00etan alarma joka hasi da eta ordutik bertan zeuden Ana idazkaria eta Manolo kudeatzailea. Club Atletico-koak bezala, arratsaldeko mareari aurre egiteko prestatzen ari ziren hauek ere. «Joan den urteko martxoaren 19an gauza bera gertatu zitzaigun -ekarri zuen gogora Anak-. Orduan ere gogor astindu gintuen ekaitzak, nahiz eta markorik ez apurtu».

Olatu erraldoiek etxabeak, etxebizitza batzuk eta denda ugari ere hartu zituzten, eta autoak, establezimenduak, eserlekuak, telefono kabinak eta zaborrontziak hondatu, bereziki Alde Zaharrean eta itsasotik hurbil dauden kaleetan. Soraluzen, esate baterako, etxebizitza batzuetan, urak gainezka egin zuen. Bikote nagusi bati urez bete zitzaion etxea eta laguntza zerbitzuetakoek atera zuen.

Salamanca pasealekua, Zurriola, Soraluze, 31 de Agosto eta Aldamar hagitz kaltetuak izan ziren. Bretxa merkataritza gunea, itsasotik hurbil egon ez arren, urez bete zen erabat.

Udalak kaltetutakoen eskaerak jasotzeko bulego bat jarriko du martxan gaur udaletxearen azpialdean, eta Udaltzaingoaren egoitzan ere azaldu ahalko dituzte herritarrek jasandako kalteak. Eskaera horiek Aseguruen Partzuergora bidaliko dituzte, eta kalte ordainak emango dizkiete biztanleei.

Donostian bezala, beste hainbat herritan ere jasan zituzten ekaitzaren hondamenak. Hala, Bermeoko portuan kalte handiak eragin zituen itsasoak. Sarreran ezarritako dikea, itsasoaren eragina moteldu eta segur- tasuna indartzeko egina, apurtu egin zen. Gainera, ura dikearen gainetik pasatu zen eta lokalak eta ibilgailuak kaltetu zituen. Ondarroan, dikearen ondoko eraikinak kaltetu ziren eta portuaren sarrerako balizak ere bai. Bakion emakume bat atera behar izan zuten etxetik, erreka batek gainezka egin eta preso gelditu zelako.

Donibane Lohizune

Lapurdin ere haserrea azaldu zuen itsasoak. Uhinen indarra zela medio, Baionako portua ixteko erabakia hartu zuten arduradunek. Zokoan, berriz, hainbat itsasontzi txiki hondoratu egin ziren eta itsasertza urak ekarritako hondakin eta zuhaitz adarrez betea azaldu zen. Halere, Donibane Lohizunen izan ziren kalte handienak, zehazki, Heliantal talasoterapia gunean. Urak eta hondarrak hartu zituzten bertako 3.000 metro koadroak. Leiho apurtuak, masaje kabina eraitsiak, aparailu eta tresna berri-berri asko alferrik galduak... panorama ez zen gozoa atzokoan duela gutxi eraberritutako hotelean. Hogei bat suhiltzaile eta bertako langileak aritu ziren goizean gehiena garbitzen, baina gutxienez astebetez egon beharko du itxita eta 50 langilek lana etengo dute epe horretan.

11 metro

Pasaiako estazioan 11,45 metroko altuerako olatuak ere neurtu zituzten atzo goizaldean. Itsas zabalean, berriz, Bilboko eta Donostiako buietan 18 metro altxatu ziren olatuak. Ekaitzak gogor astindu zuen Euskal Herriko kostaldea, beste hainbatetan egin duen bezala. Urrunera joan gabe, otsailaren 10ean 10 metroko olatuak neurtu zituzten Pasaian. Eta, denboran pixka bat gibelerago eginda, 1972an 19 metroko olatuak izan ziren Bilboko portuko kanpoko buian, 20 miliatara; 1973an, 14,3koak; 1974an, 16,8koak; eta 1975ean, 13,2koak. 1977ko abenduaren 2an neurtu zituzten olaturik handienak, 24,5 metrotarainokoak.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo