GARA > Idatzia > Gaurkoa

Joseba Butrón irakaslea

Denbora faktorea

Denbora bat izaten denerako. Izan ere, denborak aukerak ematen ditu, hau egiteko, hura egiteko. Hasteko eta bukatzeko. Gure herriaren aurka ere denbora erabili dute, zapaltzeko, aldatzeko, asimilatzeko, desagerrarazteko. Denbora bat behar zuten, denbora kontua zen. Ematen du, ordea, denbora guztiak pasatu egiten zaizkiela. Denborak eman dizkien aukerak galdu egin dituztela; edo, bestela esanda, gure herriak eusten asmatu duela, asko sufrituta.

Atzerantz begira jarriz gero, hainbat denbora ikus litezke. Batzuek agian azken hogeita hamar urteei erreparatuko diete, edo frankismo garaiko berrogeiei, edo atzerago joan eta XIX. mendeko karlistada garaiei, edo atzerago, eta atzerago. Berdin dio. Kontua da epeak eta epeak erabili dituztela gure aurka, denboraren joanean gure herri hau makurtuko zelakoan, bere izateari utziko ziolakoan. Batzuetan helburutik hurbil ere sentitu direla esan liteke, naziak Stalingradon bezala: «Dena suntsitu dugu, ia denak sarraskitu ditugu, denbora apur bat gehiago eta garaipena geurea izango da». Denbora barik geratu ziren, ordea, eta sobietarren alde jarri zen denbora, defendatzaileen alde.

Gure hizkuntza -gu geu, euskaldunok- desagerrarazteko ere denbora bat kalkulatu zuten, eta gogor ekin zioten. Orain baliteke denbora horiek ahaztuta edukitzea, baina ez daude hain urrun. Irakurtzea edo gogoratzea besterik ez dago zelakoak esan dituzten eta egin dituzten hainbat urtetan, mendeetan. Oraindik ere batzuk horretan tematuta jarraitzen dute, konturatu gabe denbora pasatu egin zaiela, gure ekinak gehiago ahal izan duela. Herri bat garelako, eta herri sentitzen garelako. Kontzientzia dugulako, eta borondatea. Min handia eman digute, kalte handia egin digute, baina aurrera egin dugu. Hemen gara. «Trantsizio eredugarria» ezartzeko ere denbora bat behar zuten. Urte batzuen kontua zen. Zatiketara eta autonomiara ere egingo ginen. Bai, beti daude inkorformista batzuk, baina denbora kontua da horiek amore ematea. Azkenean etsi beharko dute, onartu beharko dute errealitatea, irtengo dira euren ametsetatik. Kale berriz ere.

Egurrarekin eta trikimailuekin bete dute denbora. Egurra beti, baina inozoentzako amarruak ere ugari. Esloganak asmatu eta urteak pasatu horiek errepikatzen, Goebbelsen teoriari jarraituaz. Hainbeste mezu faltsu irentsarazi nahi izan digute! Zerrenda egitea ere nekeza litzateke. Baina, bitartean, denbora betetzen zuten, saria hurbilago zeukatelakoan. Mezu batek huts egiten zuenean, beste bati ekin: indarkeria gabe denari buruz hitz egin daitekeela, demokrazian arazoak hitz eginez konpontzen direla, bozkatuz autodeterminatzen garela, erakundeetan parte hartu behar zela, politika egin behar zela, Europan ez dagoela independentzietarako aukerarik, Euskal Herria asmazioa dela... Goebbelsen jarraitzaile esanekoak.

Denetarik probatu dute, eta guretzat sufrimendua amaigabea izan da eta da oraindik ere: bihurtu susmagarri kontzientzia duen abertzale oro, jarri isunak ausartzen direnei, eman egurra nabarmentzen direnei, hartu preso mugitzen den guztia, jipoitu bizirik egotea amesgaizto bilakatu arte, leporatu edozer eta ziega ilunera eraman, familia eta adiskideengandik urrun, jarri kondena beldurgarriak eta betetzen badituzte luzatu berriz... Itxi komunikabideak, kondenatu denak, denak... Etsiko dute, makurtuko dira, ulertuko dute nork agintzen duen, onartu beharko dute euren patua menpeko izatea dela. Laguntzaile faltarik ere ez dute izan. Kolaboratzaile fidelak. Eta gure jendeak etsi ez; belaunaldi berriak, eta etsi ez. Borroka eta sufrimendua, baina tinko askatasunaren alde. Haien denbora kalkuluak hondatuta, beste batzuk asmatu behar.

Laster beste denbora batzuk agortuko zaizkie. Amaitu da talantearen denbora, ez du askorik iraun. Amaitu dira «hemen demokrazia dago», «zuzenbide estatua», «norbanakoaren eskubideak», «botereen banaketa», «bide politikoak bakarrik erabili behar dira», «desobedientzia zibilarekin posible da», «plante demokratikoa egingo dugu», eta abar eta abar.

Laster amaituko da iragarritako kontsultarena ere, 2002tik itzulinguruka dabilena, aurtengo data jarrita dauka, leloa ezin baita amaigabe luzatu. Zeozer asmatu beharko da, kartoi harrizko dekoratuaren denbora, plantak egiten ibiltzearena agortu egin baita: galderatxoren bat, edo transferentziatxoren bat, edo haustekundetxoak...

Eta hori baino lehenago, beste hauteskunde batzuekin entretenitu nahi izan gaituzte, ea beste denboratxo bati ekiteko moduan dauden. Inperioaren erresumara joan behar da, antza. Ezer gertatuko ez balitz bezala.

Izan ere, zer axola du hainbat alderdi legez kanpo utzita egoteak, herritarrek aukeratutako ordezkariak bazterrera, eta horien lekua lotsa gabe hartzeak, elkarrizketa aldarrikatu duten politikariak kartzelan egoteak, mordo bat pertsona konprometitu kafkarenak pasatuta espetxeratuta egoteak, apartheid egoerak bere horretan irauteak...

Baina denbora guztiak amaitzen ari zaizkie, naziei Stalingradon bezala. Igandean batzuek beste urrats bat egin genuen, geure denbora gero eta hurbilago dugu eta.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo