Urtzi Urrutikoetxea 2008/3/16
Ekaitzaren ondoren
Berria
Enbatak jo du aspaldiko gogorren eta itsasora begiratu dugu (...). Artean ez genekien Telesfororen agindua zela. Candido Saseta komandantea etxera bidean zela. «Harro hadi, Kantauri itsasoa ta heien betiko loa betiko kanta zak. Geroari esaiok olatuetan herri-izarrak ez direla itzaltzen». Telesfororen beraren izarra bahitu nahi izan zuten duela 27 urte Espainiako tankeek. Argalaren izarra bahitzeko aitzakian Arnaldo Otegi espetxeratu duten legez. Saseta, Espainiaren etsaia. Argala, terrorista. Gerrako heroiak, terrorismoaren biktimak.
(...) Matxitxako parean bou Nabarra aurkitu ei dute. Cecil Day-Lewis-ek idatzi zuen, ez Lauaxetak: «Guduan sartu ziren galduko zutela aurreikusirik/ eta galdu egin zuten. Bizkaiko tirainak anitzen hezur / tematsuen gainean ari dira orain goitibeheiti./ Gainontzekoek euren untzien patu herdoildu bera / dute zain espetxeetan».
Saseta hil zen. Nabarra hondora joan zen. Durangoko bonbardaketa etorri zen segidan. Erbestea. Fusilamenduak. Espetxea. Atzo berriz bildu ginen Durangon. Txillardegi omendu genuen atzo. Eskerrik asko, Jose Luis. Ezin izan zuen etorri. Joseba ere, semea, ez zen etorri Durangora. Beste Joseba ere ez. Matxitxako, Durango, Gernika, Bilbo, Turtziozko manifestua eta hogei urteko isilunea. Hogei urte altxatzeko, Nabarratik Leturiara. Geroztik, mende erdi ibiltzen, otsoak eskutik hartu gabe. Txabi, Txikia, Argala, Telesforo, Santi, Txomin, Jon. Atseden hartzeko ordua da, lagun zaharrak biltzeko. EH-Bai. Saseta etxean da. Etxean behar zaituztegu zuek ere.