Amatiño 2008/3/17
Politika? Bai, jakina
DEIA
Zenbaitek dio ez dela ETAren zain egon behar politika egin, hitzarmenak adostu eta erabakiak hartzeko. Beste hainbatek dio, ostera, ETAk armetan jarraitzen duen artean, ez dagoela herri-galdeketa egin eta marku juridikoa aldatzerik.
Zalantzarik ez, jakina, ETAk ez duela politikagintza eragotzi behar. Baina hau ez da berria, 1976tik dihardugu-eta politika egiten. (...) Kontua da, ordea, egoera honetan marku politikoa aldatzearen proposamena zilegi den bezala, zilegi ere dela ETAk dirauen artean halakorik egiterik ote dagoen zalantzan jartzea. Hiru arrazoirengatik.
Batetik, 1979an erabaki zen erreferendumez marku politikoa aldatzea eta historiak frogatu du ETAri ez zaiola ardura. Gaur egun ez dago arrazoirik pentsatzeko oraingoan herri-galdeketan erabakitakoa ETAk onartuko lukeenik (...).
Bestetik, litekeena da sozialisten eta popularren onespenik izan ez arren marku aldaketaren proposamena herri-galdeketan onartzea. Baina Estatuak proposamen hori onargarritzat joko ez lukeenez, aitzakia ezin hobea ETAk borroka armatua justifikatzeko. Eta, hirugarrenik, ezin gero ahaztu ETAren eskutan geratuko litzatekeela harako proposamena Eusko Legebiltzarrak onartzea ala ez, EHAKren botoek erabakiko lukete-eta.
Honek ez du esangura, baina, bai euskal alderdiok eta baita euskal zein espainiar erakundeek ere elkarrekin bildu, adostu eta politika egin behar ez dutenik. Hain zuzen, harreman hori da ETAk sekula eragotzi beharko ez lukeen politika.