Kirmen Uribe Idazlea
Portura datozen itsasontziak
Bocako hondarrezko ahoan zegoen Buenos Aireseko portu zaharra. Hargatik Carlos Gardelen portu giroko tangoak. Gaur egun baina, itsasontzien hilerria da. Urteak izango dira itsasoratu ez direla, eta ugerrak hartuta daude gehienak
Virginia Woolf idazleak zioen itsasontziek portura iristen direnean galtzen dutela xarma guztia. Aitzitik, portutik begiratu eta ur handietara doan ontziak misterio handia izaten duela. Norberak irudikatzen duela zein aparteko lurraldetara joango den. «Joango da Australiana, joango da Antartika urrunera» pentsatzen dugula haiei begiratuta. Gauza bera gertatzen da, Woolfen aburuz, portura sartzen diren ontziekin. Ez dakigu ziur ontziok nondik datozen. Ez dakigu zer ekarriko duten beren sabelean. Hala eta guztiz ere, kaira iritsi eta zama ateratzen hasten direnean, orduan bai galtzen dutela karma. Norberak ikusten duenean dakartena Lousinanako tabakoa dela, esate baterako, orduan misterio guztia galtzen dute.
Misterioarena dena den, ez da portura datozen itsasontziekin soilik gertatzen. Diot neuk, pertsonekin ere berdintsu izaten dela. Izaten dugula pertsonok hasieran misterioa, baina behin barrua hustutzen dugunean, geuk ere karma galtzen dugula.
Ikusi dudan porturik bereziena zalantzarik gabe Buenos Airesekoa da. Portu zaharra esan nahi baita, Boca esaten dioten hura. Boca ezaguna da, batez ere, futbolagatik. Bertakoa baita Boca Juniors taldea, bertan jaio zen Diego Maradona futbolari entzutetsua. Bocan dago orobat El Caminito izeneko kale ezaguna, Carlos Gardelek bere tangoetan kantatu zuena. Baina futbol eta tango kontuak albo batera utzita, gehien harritu ninduena portua bera izan zen. Boca esaten zaio auzoari, itsasora zabaltzen den ahoa delako lekua. Eta nire sorterriarekin du zerikusia horretan. Ondarroa, etimologikoki, hondar ahoa delako. Itsasorantz zabaltzen den hareazko ahoa. Hortaz, Bocako hondarrezko ahoan zegoen Buenos Aireseko portu zaharra. Hargatik Carlos Gardelen portu giroko tangoak. Gaur egun baina, itsasontzien hilerria da Bocako portua. XX. Mende hasierako barkuak daude bertan, bata bestearen ondoan. Urteak izango dira itsasoratu ez direla, eta ugerrak hartuta daude gehienak. Zubi eskegi bat ere badago, Portugaletekoaren antzekoa. Baina zubia ez dabil, ugerrak hartuta dago hura ere.
Bocako barku horiek baina ez dute xarmarik galdu. Lotuta daude kaiko mutiloietara, baina misterio handia dute oraindik portuan egon arren. Haiek ikusi eta irudikatu egiten du norberak nondik eta nora ibiliko ziren duela berrogeita hamar urte. Haiek izango ote ziren Atlantikoa zeharkatzen hilabete osoa ematen zuten itsasontzi zaharrak. Bocatik harra bete bidera Buenos Aireseko portu berria dago. Garai bateko biltegiak jatetxez josita daude orain. Horixe bihurtu da moda-modako tokia Buenos Airesen. Turistak hara joaten dira janari azkarra jatera. Pizzeriak, McDonaldsak, hutsaltasunaren mundua sasoi bateko moiletan.
Bocako itsasontzien hilerria hartu dut gomutan. Auzo zaharra goitik behera aldatzeko egitasmoak hor daude. Xarmarik galdu ez duen portu zaharra. Lotuta daude ontziak, baina misterioa dute. Portu berriko hanburgesa jatetxeen aurrean ez dago itsasontzirik. Hutsik daude moilak egunak joan egunak etorri.