GARA > Idatzia > Eguneko gaiak

Bertsolaritza eta ikus-entzunezkoak

«Bertsolaritzak zuzenekotasuna galdu du azken urteotan»

Bertsoaren munduan lan egiten dutenek diote bertsolaritzak komunikabide nagusietan lekua galdu duela. Ondorioz, beste bide berri batzuk ireki behar izan dituzte «zabalkunde» garai honetan. Horiek hala, «bertsoa.com» eta «bertsoplaza.tv» ikus-entzunezko guneei ireki nahi izan dizkiete ateak, saioak Interneten ikusi ahal izateko. Izan ere, zuzenekotasuna galdu egin omen da, eta hutsune hori betetzeko sareak leku egokia ematen du.

p08_f01_.jpg

Rebeka CALVO | DONOSTIA

Bertsolaritzak bide luzea egin du. Hastapenen inguruan datu zehatz eta bateraturik ez dago; gai honetan aditu direnak ez baitira ados jartzen, baina 1900. urtetik hona bertsolaritzak eman dituen aurrerapausoen berri badugu.

Pernando Amezketarrak, Etxahunek eta Bilintxek, Txirritari, Basarriri, Lazkao Txikiri edo Xalbadorri eman zieten lekukoa. Hauek, berrikuntza ugari ekarri zituzten, eta Amurizari, Sarasuari, Egañari eta Peñagarikanori ireki zizkieten ateak. Orain aro modernoa iritsi da; Unai Iturriaga, Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluzeren txanda, besteak beste. Ezin gutxietsi daitezke, hala ere, 1900 urtearen aurretik, azoketan bat-bateko bertsolaritza inprobisatuan lehenengo pausoak eman zituzten emakumezko guztiak, zoritxarrez historian, beste hainbat gaitan bezala, bertsolaritzaren historian ere ahaztuak izan direnak.

Amaitu dira behingoz, aro zaharra eta lan egiteko aitzinako eskemak. Aro berriak komunikabide berriak ere ekarri ditu, eta bertsolaritzak ez du atzean geratu nahi. Zabalkunde garaia iritsi zaio bertsoaren munduari, Jexux Mari Irazuk, bertsolaria eta bertsoa.com portalaren bultzatzaileak, esan bezala: «zabalkunde garaia da». Bide horretatik ari dira lanean bertsolaritzan aritzen diren asko.

Horietako bat da Irazu, orain urtebete inguru jarri zuen abian bertsoa.com ataria, bertan, bertsoaren munduaren gaineko informazio askorekin batera, astero-astero, saio desberdin bat eskaintzen dute «zuzenekotasunari forma emateko eta programazioa osatu ahal izateko». Izan ere, Irazuren ustez, bertsolaritzak egun «osasun ona du». Gaineratu duenez, «dinamikoa da, jende asko dago lanean bertsolaritzaren inguruko gauza askotan, ekimen asko daude abian; horrek, bertsolaritza sendo baten aurrean gaudela erakusten du». Noski, bertsolaritza «sendo» horrek, egungo joerekin egin behar du bat, eta Internetek aukerak biderkatzen ditu.

Bertsolaritzaren gaineko interesa indartu den aro honetan, paradoxa bat ere bada: Zuzenekotasuna galdu da, alegia. «Lehenago, hainbat irratik eta telebista katek zuzeneko saioak ematen zituzten, baina urteekin kirolek jan dute tarte hori. Euskal Herriko Txapelketaren finala besterik ez da igortzen gaur egun zuzenean. Atzera goaz zentzu horretan», esan du bertsolariak.

Erronka berri baten aurrean gaude beraz. Telebistak bertsoari eskaintzen ez dion tarte hori beste modu batera bete daiteke, Internet bidez, alegia. Izan ere, «Internetek duen abantaila nagusia gure alde erabili behar dugu, espazio mugarik ez duela, alegia», esan du Irazuk.

Bertsozale Elkartea ere jabetu da ziberespazioak eskaintzen dituen aukerez, eta horren ildotik, otsailaren 22an bertsoplaza.tv jarri zuen abian. Oraindik hastapen bidean besterik ez dira apirila aldean egingo duten aurkezpen ofizialaren zain. Proiektua ez dago itxita, beraz; baina oraingoz «material grabatua eta zuzenekoak» eskainiko dituzte elkarteko kide Jexux Muruak esan duenez.

Zerbitzu berri horrek Bertsozale Elkartearen helburuekin egiten du bat: «Elkartearen sorreratik, bertsogintzaren hedapenerako, hedabideekiko lankidetza jorratu dugu. Horren ondorio nabarmena `Hitzetik Hortzera' saioa da, ia 20 urte bete dituena. Baina hor daude urte hauetan hainbat irratirekin lotutako hitzarmenak, non Xenpelar Dokumentu Zentroak egindako bertso saioen grabazioen bidez, beste hainbat programa ahalbidetu dituzten».

Kontsumo ohiturak aldatu

Gizarteak, noski, aurrera egiten du, eta teknologien garapenak kontsumo ohiturak ere aldatu egin ditu. Hortxe sartzen dira bai Irazuren, baita Bertsozale Elkartearen ekimen berriak ere.

«Guk aniztasunaren erakusle izan nahi dugu. Bertsolaritzaren joera gehienak bildu nahi ditugu. Eta ekitaldi horiek bertsolaritzaren ikuspegiaren baitan tokia izan dezaten, erreferentzial- tasuna eta konektagarritasuna hartu ditugu kontuan. Orain gizarteak konektagarritasun hori du, eta guk erabili egiten dugu bertsoa zabaltzeko», esan du Irazuk.

Bertsoplaza.tv-ko Muruak ere iritzi antzekoa du: «Helburuak argi ditugu lehen unetik; bertso-plazetako dinamikaren isla fidela bermatzea lankidetza bidez osatuz. Bertsozale Elkartean antolatzen diren ekimenen hedapanerako, gure hedabidea edukitzea.Ikus-entzunezko ondarea Xenpelar Dokumentu Zentroan biltzen aritu gara, eta orain, hedapen lerroa irekitzea da helburua. Mugaz gaindi dauden bertsozale eta euskaltzaleei bertsolaritzaren egunerokora sarbide zuzena eskaintzea ere garrantzitsua da, baita euskararen lurralde osora zabaltzea ere. Azkenik, bertsolaritzaren komunitatearentzat ez ezik, kultura arteko ahozko inprobisazioaren komunitate osoarentzat ere adierazpen honen topagunea eraikitzea da gure asmoa. Horiei ere ekarpenak egiteko aukera emateko, gure `bertsotube' partikularra sortu nahi dugu».

Youtubek lehenengo, eta gertuago Euskaltubek ondoren, bazterrak harrotu ditu bertsolaritzaren munduan, eta Irazu eta beste hainbat lagunek ere hilabete pare bat barru edo, gauza bera egiteko ari dira lanean: «`Bidali zure saioak' atalean edozeinek DVD edo beste edozein formatutan grabatutako saioak guri bidaltzeko aukera du, baina orain beste aukera bat ere eman nahi diogu jendeari, youtube-en gisako zerbait izango da. Jendeak zerbitzari bat izango du bertan bideoak jartzeko, eta gero guk bertsoa.comen jarriko genituzke».

KIROLAK VS BERTSOAK

«Lehenago hainbat irratik, telebista katek... zuzeneko saioak ematen zituzten, baina urteekin kirolek jan dute denbora hori. Euskal Herriko Txapelketaren finala besterik ez da ematen gaur egun zuzenean. Alde horretatik, atzera goaz»

MUGARIK EZ

«Internetek telebistak eskaintzen ez duen beste bereizmen batekin komunikabide berriak irekitzeko aukera ematen du. Abantaila gehiago ere baditu, espazio aldetik ez du inongo mugarik, alegia»

ALDAKETAK

«Bertsozaleen Elkarteak 2006an egindako gogoetan, ikusi genuen teknologiaren garapenaren eta kontsumo ohituren aldaketen ondorioz, aurrera begirako lankidetza hedabide propio baten bidez osatu behar genuela: Internet zen bidea»

«Maletillen» lehiaketa eta Youtube.com zein Euskaltube.com guneetako saioak

Lehenago aipatu webguneetan ez ezik, Interneteko beste toki askotan ere aurki daitezke bertsolaritzarekin harremana duten bideoak. Maletilla.gara.net helbidean, adibidez, egunkari honek antolatutako sareko lehiaketaren bideoak ikus daitezke oraindik. Bestalde, Unai Iturriaga eta Igor Elortza bertsolariek osatutako «Gu ta gutarrak» ikuskizunaren saio ugari dago ikusgai ondoko helbidean: youtube.com/user/gutagutarrak.

Google erraldoiaren webgunea ez da jendeak bertsolaritza bideoak sareratzeko erabiltzen duen sistema bakarra, ordea. «Gu ta gutarrak» emanaldien bideo gutxi batzuk daude, halaber, duela sei hilabete sortutako euskaltube.com gunean ere. Baina badira eduki gehiago, jakina. Aski da webgune horretan «bertsoak», «bertsolariak» edo «bertsolaritza» hitzen bilaketa egitea eskaintzaren lagin bat eskuratu ahal izateko. Etiketa bidez ere egin daiteke bilaketa, bertsolaritzarekin zerikusirik duten bideoak bistaratzeko: euskaltube.com/tag/bertsolaritza adibidez.

Zumarraga-Urretxun jokatutako Martxoan Bertso lehiaketako saio dezente sareratu dituzte erabiltzaileek azkenaldian, baita «Argia» astekariak Nafarroako Bertsolari Txapelketaren haritik antolatutako mahai ingurua ere: euskaltube.com/argia. Webguneko arduradunek jakinarazi dutenez. Gainera, aurki, beste ekimen bat abiatuko dute bideoak partekatzeko euskara hutsezko atarian.

«Zibertso» izenburupean, datozen asteotan, kanal berezia osatuko dute, jendeak zuzen-zuzenean bere bideoak igo eta talde horretan ikusgai jartzeko aukera izan dezan. Bideoak bertan gaineratzeko nahikoa izango da webgune honetan erabiltzaile gisa erregistratzea, ondoren «Zeibertso» kanaleko taldekide bilakatu, eta nahi diren bideoak txoko berezi horretan erantsi ahal izateko. Aurreratu dutenez, euskaltube.com/zibertso izango da baliatuko duten sareko helbide zuzena. GARA

INTERNET

«Oraindik bertsozaleen iturri nagusia ez bada ere, gazteenen egungo joerek eta kontsumo ohiturek abiada bizian Interneterako norakoa hartzen dutela ikusten dugu Bertsozaleen Elkartean. Etorkizunean egindako inbertsioa da beraz»

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo