GARA > Idatzia > Euskal Herria

Euskal Herria eta Eskozia autodeterminazioa aldarrikatzen ari dira kirol erakustaldien bidez

p018_f02.jpg

GARA |

Goierriko ehun bat lagun daude egunotan Eskoziako herri desberdinetan autodeterminazioa kirol erakustaldien bidez aldarrikatzen. Idiazabalgo Herri Kirol Taldearen ekimen honek Edinburgon eman zituen lehen urratsak, Eskoziako Parlamentuaren aurrean. Atzo eta gaur, berriz, Inverness herrian dira erakustaldiak. Estaturik gabeko bi herriak aldarrikapen bera egiten ari dira egunotan, kirola eta kultura uztarturik.

Euskal Herriko tradizioa islatzen duten elementuak eraman dituzte goierritarrek Eskoziako kaleetara eta parkeetara. «Autodeterminazioa-Self-determination» dioen pankarta baten atzean, kalejira koloretsua eta zaratatsua osatu dute. Alboka, Iturengo joaldunak, trikitria eta txalapartaren doinuak... baina, kirol talde baten ekimena izanik, herri kirolak nagusi dira erakustaldietan: Aizkora, sokatira, harri jasotzaileak eta lokotxak, kirol horien guztien erakustaldiak ikusteko parada dago.

Idiazabaldarren bidaiak ikusmin handia sortu du Eskozian. Bertako Legebiltzarrak egin zien harrera ekitaldi ofiziala, eta Parlamentuko egoitzan bertan egin zuten lehen erakustaldian.

Edinburgon sortutako interesaren lekuko dira bertako hedabideetan agertutako informazioak eta egindako elkarrizketak. Hiriburutik pasatu ondoren, Highlands eskualdeko Inverness herrixkan egiten ari dira bidaiaren bigarren zatia. Atzo, arratsaldeko lehen orduetan, bertako plazatik kalejiran abiatu ziren, bertako Udalak eskatuta. Ondoren, kirol erakustaldia egin zuten.

Inverness herrian egingo dute gaur azken ekitaldia. Alderdi bakoitza bere aldetik ibiliko den egunean, eta Euskal Herritik 3.000 kilometrora, bertan erakutsi nahi dute Aberri Eguna «herri bezala dagozkigun eskubideak aldarrikatzeko eguna dela, guztiok batera eta alderdikeriak alde batera utzita».

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo