GARA > Idatzia > Pilota

Bigarren mailako Binakako finala

Retegik eta Argotek erraz lortu dute zilarrezko txapela

Txapeldunek 22-2 garaitu zituzten Arretxe eta Eskudero, txapelketa osoko partidarik errazenean

p047_f01_199x108.jpg

RETEGI BI-ARGOTE 22

ARRETXE-ESKUDERO 2

Ander GARTZIA | IRUÑEA

Retegi Bik eta Argotek aise eskuratu zuten binakako zilarrezko txapela, Arretxe eta Eskuderori 22-2 irabazita. Final estua espero zen Labrit pilotalekuan, faborito garbirik gabea. Hala ere, bikote urdina uneoro izan zen partidaren jaun eta jabe, eta txapelketa osoan izandako partidarik errazena izan zuten atzokoa. Retegik eta Argotek eroso jokatu zuten, lehen minututik finalean buru- belarri sartuta, eta espero baino arazo gutxiagorekin eskuratu zuten txapela bigarren urtez jarraian.

Eratsungo aurrelaria nahi bezala aritu zen aurreko koadroetan, batik bat atzelariak eginiko lanari esker. Argotek txapelketan erakutsitako mailari eutsi zion, eta Arretxeri pilota kentzeaz gain, pilota asko arrimatu zituen ezker paretara.

Nagusitasun horrekin, bikote urdinak ihes egin zuen markagailuan, eta hogeigarren minuturako 11-0 jarri ziren aurretik. Aldea nabarmena zen, bai emaitzean, baita pilotarien aurpegietan ere. Markagailuan aurretik zen bikotea lasai zen kantxa gainean, eta partida maldan gora zuen bikotea, berriz, nerbioek jota.

Alde handiegia

Arretxek ezkerkada dotore batekin zabalean egindako tanto bati esker estreinatu ziren gorriak markagailuan. Aurrelariaren pilotakada ezin izan zuen bueltatu Julen Retegik. Partida, ordea, maldan gora jarria zitzaien ordurako. Aurkariek erreskadan lortutako hamaika kintzeak pisu larregi zuten gainean eraman ahal izateko. Horrela, beharrezko atsedena hartu zuten.

Lasaitu, hitz egin eta elkarri animoak emateko unea zen gorrientzat, baina txapelketa osoan ez bezala, urduri eta buru makur ziren. Partidua berriro hasi eta berahala, Eratsungo atzelariak bi pilota garbi eta beste konplikatuago bat utzi zituen eraman gabe (15-1) eta hortxe bukatu ziren Arretxe II.ak eta Eskuderok zituzten aukera apurrak.

Artekariak, bitartean, mutu zeuden eta Labriteko harmailetan batutako Luzaideko eta Eratsungo gazteen oihuak bakarrik entzun zitezkeen. Iñaki Eskuderok errebotera botatako pilotakada eder batek piztu zituen Eratsunetik hurbildutako gainontzeko zaleak, baina gozatutako pilotakada hori irudipen hutsa besterik ez zen izan. Atzokoa ez zen aurreko egunetako Eskudero izan. Atzelari nafarra seguru eta jotzaile agertu da txapelketa osoan, baina finalean jokalariaren kopia txar bat kantxaratu zen. Errebotera botatako pilotakada hori izan zuen gozatutako bakarra.

Hortik aurrera, Retegi Bi eta Argote zuzen-zuzenean joan ziren hogeita bigarren kartoirarte. Retegi gazteak zabalera botatako bi ezkerkada bikain eta ezker paretara arrimatutako beste bat nahikoa izan ziren partida bukatzeko. Horrela, zazpi eta hutseko azken partzialarekin eskuratu zuen bikote urdinak zilarrezko txapelketa.

Garaipen honekin, Julen Retegik eta Argotek iaz lortutako balentria errepikatu zuten, eta bigarren urtez jarraian jantzi dute txapela. Iker Arretxe eta Iñaki Eskudero, aldiz, esku hutsik bueltatu ziren etxera eta aurrelariak ezin izan zuen bigarrenez lortu garaipena.

 

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo