GARA > Idatzia > Gaurkoa

Elena Martinez Rubio Filosofian doktorea

Paradisua hutsean

Berebiziko ahaleginak egin dituzte hizkuntzalariek azken hamarkadotan, ezagutzen diren bostmila eta bostehun hizkuntza baino gehiago aztertu eta sailkatzeko. Anabasa babilonikoari taxua emateko, senidetasunaren irizpideari jarraituz. Mintzairak ahalik eta multzo handienetan biltzeko, balizko jatorri erkidearen ikuspegitik.

Indiatik Mendebaldeko Europaraino hedatu ziren indoeuropar hizkuntzak izan dira eredu zeregin horretan, etorki bereko familia osatzen dutela baieztatu zenetik. Geroztik, beste zenbait hizkuntza familia erraldoi mugarriztatu dituzte adituek, desadostasunak eta ezbaiak gorabehera.

Garaiko ikerketa korronte batek ondoko uste hau baitu abiapuntu: hizkuntza oro hizkuntza bakar batetik eratorriak izan daitezkeela. Baita helburu jakin bat ere: denentzako enbor bat bilatuz, bakoitzak izan duen bilakaera adaxkaz adaxka irudikatzea. Ekimen ausarta! Berezko sena eskatzen duena, milioika mihien dantzan ez zoriabiatzeko.

Giza taldeak aspaldi hasi ziren elkarrengandik urruntzen eta sakabanatzen. Demagun, Afrika ipar-ekialdetik lur osora zabaltzeari ekin ziotenean. Duela ehunmila urtetik gora, arkeologiaren zein genetikaren orain arteko emaitzen arabera, behinik behin. Eta mintzoak etengabe aldatzen direnez, gaur zinez da zaila antzinako ezaugarriei antzeman eta senak emandakoa urratsez urrats egiaztatzen joatea.

Hala ere, ezin jakin dezakegu hizkeraren garapena hasiera-hasieratik kultura guztietan uste bezain azkarra izan denentz. Agian, hitzekiko atxikimendu estuagoa egongo zen aro luze batean. Baliteke, adibidez, hitzei ezer eraldatzeko debeku bat ezarri izana gizartearen baitan. Hitzek indar ezkutu bat zutelakoan, adurra alegia. Asabek nekearen nekez egindako aurkikuntzek -sua, burdingintza, nekazaritza...- eragiten zuten begirune edo larderiaren antzeko batengatik, beharbada. Gogoan eduki behar da, giza historiak berak astiro-astiro egin zuela bide hastapenetan.

Nolanahi ere, hortxe dihardute hizkuntza txiki batzuek, oraindik behar bezala ikertu ez direnak, bilduriko datuen urritasuna dela-eta. Nahiko ilun dirudi, hari honetara, Papua-Ginea Berriako hizkuntza mordo korapilatsuak. Beste hizkuntza batzuek ordea, «isolatua» izena hartu dute, ahaiderik idoro ez zaielako, ez bizien, ez eta hilen artean ere. Halako «kide bakarreko sendiak» bestela esanda, dozena eta erdi baino ez dira guztira. Europan bat: euskara. Baina hizkuntza hauetako hiztunak basabazterretan, irla urrunetan, goi mendietan edo, oro har, ezin iritsizko toki agorretan kokatzen diren bitartean, euskaldunak aldiz, itsasoz nahiz lehorrez ondo loturik bizi dira, auzoekiko harremanetan betidanik.

Aski ezaguna da bestalde, «gizakiak» deitzen diotela herri zaharrenek beren buruari maiz, behin batean heldu ziren lekuetan lehenak izan zirelako, zalantzarik gabe. «Euskaldun» hitzak ez du, haatik, «gizakia» esan nahi, euskaraz egiten duena baizik. Euskara «esku era» izan ezean, irudimen hutsari jostatzeko bide emanez. Eskua -antze edo trebetasun ikurra- giza izaeraren funtsezko bereizgarria baita, mintzamenaz batera. Hamaika haizpe eta leize zulotan margotu eskuen lekukotasunak hala diosku, behintzat. Hemen gaude, esku era dugu, eledun gizakiak gara beraz...

Era berean, «basokoak» deitzen ohi diete ingurukoek jatorrizko biztanleei. Jende desberdina, bitxia, gaizki ikusia azken batez. Hor ditugu, besteak beste, gizajaletzat hartutako Nepalgo kusunda gaitzetsiak, Filipinetako aeta-k, «basoko mamu beltzak» auzokideen eleetan, arrazismo latza jasan duten Japoniako ainuak, eta abar luze bat. Euskaldunek berriz, bidelapur eta lizun hotsa zuten Erdi Aroan. Egun, bortizkeriaren aldekoak omen. Sarri hizpide, sekula ez hizpidean. Herri heldu berriagoek duten errudun ustea ote, «hondar herri» horiek indarkeriaz azpiratuak eta zokoratuak izan zirenez gero?

Indiako Andaman uhartediko egoera da harrigarria, izan ere. Bertakoen hizkuntza familia aberats ñimiñoak seiehun bat hiztun besterik ez du, Sentinel uhartekoak tartean. Hemengoek aldameneko irlakoei ulergaitza zaien zerbait hitz egiten dute, antza. Ez dago, dena den, beraiekin harremanetan jartzerik: duela mende erditik arkua erabiltzen dute huts eman gabe, gerturatzen direnak uxatzeko. Sorospen lanetan zebilen helikopteroak jaso zituen geziei esker jakin zen, hain zuzen, 2004ko tsunamiren ondoren onik irten zirena.

Tsunamik baino kalte handiagoak, turismoak ekarri dizkie desagertzear dauden andamandarrei, gaixotasunak eta bizitzeko ezinbesteko duten lurraldearen murriztea barne. «Paradisua hutsean» -«Paradies für nix»- dio, alabaina, agentzia aleman baten errimadun gonbidapenak, Andamango hondartzetara bidaia merkeak saltzeko asmoz.

Argi denez, oihan sarritik irten nahi ez duten azken sentineldar hurbil ezinak ez dira paradisuaren alde egiten ari, burujabetasunaren eta bizitzaren alde baizik.

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo