Garbiñe Arruabarrena Errenteria
Abere babesgabeak
Lehengoan arratsaldeko bostetan Fanderiako Etorbidean dagoen zabor kontainerrera zaborra botatzera joan, eta sekulako ezustekoa izan genuen barruan txakur bat ikusi genuenean. Txakurra bizirik zegoen, dardarka eta oso beldurturik. Emea da, gutxi gorabehera hamar hilabetekoa; ehiza txakurra da. Buruan zauri bat zeukan odoletan, norbaitek kolpe bat emandakoa. Udaltzainei deitu genien eta haiek Usurbilgo abereen babes-etxera. Ordu betez itxaron ondoren, udaltzainek soka baten laguntzaz txakurra atera zuten eta beraiek zuzenean babes-etxera eraman zuten.
Horrelako gauzak ikusteak sortzen duen amorrua ikaragarria da, gezurra dirudi gaur egun oraindik abereen eskubideak hain modu zikinean zapaltzeak, baina haserrea handiagoa da jakin badakigulako krudelkeria hau egin duenak ez duela zigorrik izango. Eskertuko nizueke salaketa hau egunkarian azaltzea, abereek ez baitute beren burua defendatzeko biderik. Mila esker. Ea denon artean zerbait egin dezakegun.