Iban Toledo, Amaia Iztueta eta Mila Zurutuza Ordiziako ezker abertzalearen izenean
Inposaketarik ez
Aurreko astean Jose Miguel Santamariak, Ordiziako kultur, kirol eta politikako taldeen ordezkarioi bilera baterako deia egin zigun. Bagenekien «publizitatea» arautzen duen ordenantza berriaren inguruko bilera izango zela, baina aurretik inongo informaziorik helarazi gabe jaso genuen deialdia. Aurretik ere izana genuen bilera bat alkatearekin. Bertan gure desadostasuna jakinarazi genion Ordiziako hainbat talde eragilek, bai ordenantza berriaren inguruan, bai hura aurrera atera zen moduarekin. Bilera hartan alkatearekin adostu genuen publizitatearen inguruko ordenantza ez zuela indarrean jarriko eta beste bilera bat egingo genuela. Berak konpromisoa hartu zuen Ordiziako beste kirol, kultur... taldeekin hitz egiteko.
Guztira elkarteetako 20 bat lagun bildu ginen batzar aretoan aurreko egunean bilerarako deia jasota. Bertan zeuden Belen Maiza, Iñaki Dubreguil, JonTxurruka eta Mikel Leunda udal ordezkariak, eta herritarren borondatearen aurka kargua hartu duten Miren Urkiola eta Iban Asenjo.
Santamariak hasiera eman zion bilerari, osoko bilkuran onartu zuten ordenantza berria irakurtzen hasi zelarik. Ekarpenik edo iradokizunik bagenuen une hori izango zela egokiena adierazi zigun. Gehienak zur eta lur gelditu ginen. Nola liteke bilera bat antolatzea deialdia bezperan helarazita? Jendeak ordenantzak irakurri ere gabe eta taldeetan eztabaidatu gabe? Asko eztabaidatu ondoren, akatsa onartu zuen eta hilabeteko epea eman zigun zuzenketak eta proposamenak aurkezteko. Ordenantza presaz egin eta onartu zuten bilkuran, herritarren parte hartzea bultzatu gabe.
Ordenantza horien arabera, gainera, Udalak berak adostuko luke zer kartel mota, noiz, non eta nola ipini. Nor dira beraiek hori guztia erabakitzeko? Ordizia txukun edukitzeko edo ezker abertzalearen ahotsa argi eta garbi kaletik kentzeko?
Beraiek aurkeztutako ordenantza horietan garbi ikusten da ez dela ordiziarron adierazpen askatasuna bermatuko, beraz, Ordiziako ezker abertzalea zuzenketak prestatzen ari da. Hurrengo egunetan emango dugu horren berri eta prest gaude, gainera, Ordiziako eragile eta elkarte guztiekin ordenantza berriak adosteko, baina inondik inora ez dugu inposaketarik onartuko eta ez gaituzte isilaraziko!