GARA > Idatzia > Txokotik

Mikel Aramendi Kazetaria

Hodei Gorriren jarraibidea

Ez dakit Tenzin Gyatso, egungo Dalai Lamari batere ezaguna egiten ote zaion Makhpiya Lutaren izena. Agian ezagunxeagoa gerta dakioke haren deituraren itzulpen ingelesa: Red Cloud, Hodei Gorri. Hari buruzko ezjakintasunetik atera nahi izan balu ere ez zitzaion errazegia gertatuko, gainera, XIX. mendearen azken heren osoan lakota oglala herri siuxa gidatu zuen buruzagiaren argibide biografikoak hutsaren hurrengoak baitira. Eta, hala eta guztiz ere, bereziki komeniko litzaioke egungo lamaismo tibetarraren gidariari duela mende beteko Iparramerikako buruzagi indiarraren jarraibidea hausnartzea. Sasoi betean aurkitzen den herri ahaltsu bezain hurbil eta errukigabe batek irenstear duen herri txiki eta xumeen bideaz gogoeta egiteko.

Hartara ipintzen bada, berehala aurkituko du lehen paralelismo deigarria: trenbidea. Berrogei bat urte zituen Hodei Gorrik bere sorterria izandako Nebraskatik trenbidea mendebalderantz abiatzen ikusi zuenean. Bere herriaren buruzagi gorena zen ordurako eta berehala ulertu bide zuen zer erakarriko zuen tresna ikusgarri hark gizaki gorrien zelaietara: bisonteen akabera eta gizaki zuri bizardunen ugalketa mugagabea. Esan eta izan, berehala hasi ziren agertzen ehunka zalgurdi Oregonerako bidean, hamabost urte lehenagoko itunak erabat urratuz. Haien laguntzan soldaduak Powder aldean gotorlekuak eraikitzen hasi zirenean, Hodei Gorrik gerrari ekin zion. Eta Fetterman bezalako txorimaloek larrutik nozitu zuten harropuzkeria. Indiarrek estatubatuar armadaren aurka inoiz egindako gerrarik arrakastatsuena izan zen hura, haatik, Fort Laramieko bigarren itunekin kitatu zen. Eta handik aurrera, beste berrogei urtez, bere herriaren hilzoria erreserban egunero ikusiko zuen arren, Hodei Gorrik politikoki baino ez zuen jokatu bereen alde. Ez zituen gaitzetsi ar- matan altxatu ziren erkideak; baina lagundu ere ez zien inoiz lagundu. Historiak ez du argitzen zer zeritzon Zaldi Zorok eta Zezen Eseriak Little Big Hornen Custer ere akabatu zutenean; baina gero haien bien heriotzak samindu egingo zuela esatea ez da atrebentzia izango, biak benetan estimatzen zituelako.

Ikusi beharrekoak ikusita 1909ko neguan laurogeita piko urterekin zendu zenean, zelaietako bisonte ehiztari legez Hodei Gorrik bere ardurapean hartu zituen lakotak New Yorkeko etxe-orratz altuenen eraikitzaileak ziren. Eta bizirik jarraitzen zuten. Ala ez?

Imprimatu 
Gehitu artikuloa: Delicious Zabaldu
Igo