Ixabel Etxeberria Irakaslea
Udalbiltza ez al da egokiena?
Asimilazioa proposatzen zaigu Euskararen Erakunde Publikoaren bitartez adibidez, laguntza pizar batzuk emanez. Batzuek erranen digute orain arte ez zegoela deus, aitzinamendu gisa ikusi behar dugula. Miserian aski bizi izan gara, asetzen zailagoak izan behar genuke
Hauteskundeak pasatu eta karguen hartzeko eguna heldu da. Oso zerrenda irekiak agindu dizkigute, euskal kultura eta euskararen alde indarren egiteko denak prest agertu zaizkigu, kanpainaren denboran bozen biltzeko. Irabazi eta emaitzak zeintzuk izanen diren agertuko zaigu fite.
Batzuek erranen digute denbora utzi behar zaiela euskaltasunaren aldeko urratsen martxan emateko. Baina agintariek zer interes dute euskal nortasunaren alde egiteko? Aitzineko urteetan ikusi dugu hautetsi abertzaleak agintean zeudelarik ere zer zailtasun izan den euskarari zor zaion lekuaren egiteko. Izan al da Herriko Etxerik non debateak bi hizkuntzetan eraman diren? Hain arrunta bilakatu den bat bateko itzulpena erabili al da nonbait? Oraindik ez da hemen inon erabili. Zergatik? Non dago traba ez bada traba politikoa? Euskara ez omen da politika egiteko erabili behar. Ez dugu politikarik egin nahi euskararekin, gure eskubide linguistikoak aldarrikatzen ditugu soilik. Ala genozidio kulturala Tibetentzat bakarrik aipatu behar ote da?
Frantses Estatuak du deitzen duten frantses nazioa sortu, ez dago beste frantses naziorik Estatu horren bidez baizik. Frantses Estatua nazioz betea da, Estatu horrek errespetatzen ez dituen nazioz betea, agintean daudenak babesten ez dituztenak. Asimilazioa proposatzen zaigu Euskararen Erakunde Publikoaren bitartez adibidez, laguntza pizar batzuk emanez. Batzuek erranen digute orain arte ez zegoela deus, aitzinamendu gisa ikusi behar dugula. Miserian aski bizi izan gara, asetzen zailagoak izan behar genuke.
Hemen frantses Estatuak ez digu babesik ematen, zerbitzu publikoak frantses hiztunentzat lan egiten du, gainerateko eremuetan, irakaskuntzan, segurantza sozialean, alegia gainerateko zerbitzu publiko ge- hienetan frantses Estatuak ez digu laguntzarik ematen, euskaldun gisa lehenik eta herritar gisa bestalde zerbitzu publikoaren aurrekontuen txikitzen dituztelako. Departamenduaren inguruan, frantses Estatuak, agintari politikoek dituzten jarrerak adierazgarriak izan dira.
Haatik, abertzale batzuek frantses Estatuarekiko lan egiten jarraitu nahi dute. Horrela abertzale bat UMPren alde bozkatzen ikusi dugu dioenez euskal departamenduaren alde lan egin nahi duelako. Hautatu duen estrategia da. Badira bide batzuk ulergaitzak gertatzen direnak! Beste abertzale batzuek atentatuen salaketarako elkarretaratzeak antolatzen hasi dira. Topagune egunetan beste etorkizuna aipatu zaigu, geroa gure gain aldarrikatu da, independentziaren bidea posible dela.
Udalbiltzako kideak auziperatu nahi dituzten garai hauetan, hautetsi berriak lanean hasi diren une honetan, instituzio bat goraipatu nahi dugu. Gure herria ordezkatu behar luken Udalbiltza. Instituzio honetatik abia genezake gure herriaren antolaketa aniztasun batean. Ez al da gune egokiena gure indarren ezartzeko, geroaren pentsatzeko ?